Gizonezko bi atxilotu dituzte baimendutakoa baino alkohol-tasa handiagoagaz gidatzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 1a, 16:59

© GETXOKO UDALA

Getxoko Udaltzaingoak lagun bi atxilotu zituen domekan, otsailak 28, bide segurtasunaren aurkako delitu bana egotzita. Polizia-iturrien arabera, biek baimendutakoa baino alkohol-tasa handiagoagaz zebiltzan autoak gidatzen.

Lehenengo atxiloketa Algortan izan zen, 04:25ak aldera. Ibilgailu bat bide emateko gune batean geldituta zegoen eta ez zuen aurrera egiten, nahiz eta beste ibilgailurik bertan egon ez, aipatutako iturrien arabera. Agente bat hurbildu zitzaionean zergatik zegoen geldirik galdetzeko, gidaria martxan jarri zen eta keinukariaz ezkerreko norabidea markatu ondoren, eskuinaldeko norabidea hartu zuen. Udaltzainek autoa gelditzeko agindu zioten eta gidariari alkohol-proba egiteko eskatu zioten. Horretan, iturriek azaldutakoaren arabera, gidariak, 46 urteko gizonezkoak, 0,77mg/l eman zuen, hau da, baimendutako alkohol-tasa baino hiru aldiz handiagoa. Horren ondorioz, atxilo eroan zuten bide segurtasunaren aurkako delitu batengatik.

Bigarren atxiloketa astebururako aurreikusitako prebentziozko alkohol-kontroletako batean jazo zen. Goizeko 07:15ak aldera, gidari bat ausaz geldiarazi zuten alkohol-proba egiteko. Bertan, iturriek jakinarazi dutenez, 27 urteko gizonezkoak 0,91mg/l eman zuen, hau da, baimendutako tasa baino ia lau aldiz handiagoa eta, horregatik, atxilo eroaan zuten bide segurtasunaren aurkako delitua egotzita.

Polizia-eginbideak bideratu dituzte eta Getxoko Guardiako Epaitegira bidaliko dituzte, epaiketa azkarraren prozedurapean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun