Elena Coria Kultur Artekotasuna eta Immigraziorako zinegotziak bere poztasuna agertu du kanpaina Getxon aurkezteagatik eta, gogoratu duenez, Getxo mota horretako estrategia duela urte batzuk sustatzen hasi zen, "alderdi guztietako ordezkariek xenofobiaren kontra lan egiten duten ekimenei laguntzeko erantzukizun politikoa eta soziala eduki behar dugulako, eta, aldi berean, bizikidetza eta kohesio sozialaren alde lan egin ere".
Bestalde, Rosabel Argote CEAR-Euskadiko bozeramaileak eskerrak eman dizkio Getxori bere laguntzagatik eta nabarmendu du Udala "liderra" dela zurrumurru xenofoboen borrokan, EAEn.
CEAR 2008an hasi zen zeregin horretan behar egiten, zurrumurru arrazista eta xenofoboak areagotzen zebiltzala egiaztatu zutenean. Zazpi urte geroago, 2015ean, pertsona errefuxiatuen krisiagaz, zurrumurru horiek berriro areagotzen hasi direla nabarmendu du. Hala, horri buelta emateko, "Ez hadi endreda zurrumurru arrazista eta xenofoboekin" kanpaina jarri dute martxan. Ekimen horren baitan, gaztelerazko bideo-dokumental laburra argitaratu dute; horretan, Espainiar Estatuko hainbat kazetari ezagunek zurrumurru xenofoboetan ez endredatzeko eskatzen diete herritarrei.
Argotek azaldu duenez, kanpaina EAEn martxan jartzea gura dute. Hala, datorren urtean, 2017an, EAEko kazetariakaz kanpaina berri bat egitea aurreikusi dute.
Zelan sortzen dira zurrumurru xenofoboak?
Galdera horri erantzunez, CEAR-Euskadiko bozeramaileak bide bi azaldu ditu: teoria konspiratzaileak eta bat-batean sortzen direnak. Dioenez, lehenengo kasuan boteredunek hedatu ohi dituzte zurrumurru horiek, gerora ezarriko duten neurriei bidea egiteko. Bigarren kasuan, berriz, herritar xumeek sortzen dituzte normalean, arazo baten aurrean, errua errazagoa delako beherago dauden maila sozialekoei botatzea; kasu honetan, etorkinei, berria denari.
Behin zurrumurruak sortuta, oso erraza da horiek hedatzea, "birusak bezala hedatzen dira gizartean zehar, biralak dira". Hori dela eta, CEAR-Euskadik uste du horri aurre egiteko bidea herritargo kritikoa sortzea dela, eta horretarako jarri dute martxan "Ez hadi endreda zurrumurru arrazista eta xenofoboekin" kanpaina, herritarrak arrazismoaren kontra ahalduntzeko.