Galaren lehenengo ekimena afaria izango da, aurretik Venice taldeak joko duena. Ostean, elkartasun-jaia izango da, 23:00etik aurrera. Bertan, goizaldeko 03:00ak arte, Venice taldearen kontzertua, elkartasun-bingoa eta Jaime Vilallonga musika-jartzailearen emanaldia izango dira.
Bingoan hainbat sari berezi zozkatuko dituzte, hala nola Iker Muniain, Ibai Gomez eta Eneko Boveda Athleticeko jokalarien kamiseta bana, lehenengo taldeko jokalari denek sinatuta; Fernando Llorenteren Sevillako futbol-taldeko kamiseta; Bilbao Basketeko Raul Lopezek sinatutako zapatilak; jaki delicatessenen saskia; lagun birentzako spa-zirkuitua, Hydra Arteak emana; euritakoa eta maleta, Artypielen dohaintza; Arteria Loteriak emandako 10 dezimo, martxoaren 10eko zozketarako 1898 zenbakikoak, Athletic sortu zen urtearen omenez; bina afari Trattoria La Cassetan, La Olan eta Parrillas del Marren; eta Marokorako lagun birentzako bidaia, Atlaseko klasikoen rallyagaz, martxoaren 18tik 27ra, Pichichi Fundazioak emanda.
Sarrerak Jolasetako administrazioan eros daitezke 40 euroan, afari eta kontzerturako; edo 15ean, kontzerturako bakarrik joanez gero, doako kontsumizio bategaz. Aurretik, Modestia Aparte taldeak ere jo behar zuen, karparen pean, baina eguraldi aurreikuspenak direla eta, emanaldi hori bertan behera utzi dute. Dena den, hasierako egunetan kontzertu hori kontuan hartuta, sarrerak 50 eta 25 euroan saldu ziren. Gura dutenek berreskuratu ahal izango dituzte sarreretan jaitsi dituzten 10 euro horiek.