Punta Galeak zabaldu duenez, umeak zenbait tratamendu behar du, pairatutako garun-hipoxia baten ondorioz. “Alazne neska borrokalaria eta oso lagunartekoa da; urteak daroatza lanean tratamendu horien bidez bere ikasketa hobetzeko eta, horretarako, Bartzelonara maiz bidaiatzen da”, Punta Galeak zabaldu duenez. Horregatik, jaialdiaren helburua “ahal den diru dena batzea da, Alazne eta bere sendia laguntzeko”, txirrindulari-taldeak azpimarratutakoaren arabera: “ez zara txirrindulari trebea izan behar; nahikoa da bizikleta, kaskoa eta Alazne eta bere sendia laguntzeko sekulako bihotza izatea”. Bestalde, hainbat sari agindu dute antolatzaileek: azkarrenei, urrutienetik etorritakoei, nagusienei eta originalei.
Jaialdi-eguna goizeko 9:00etan hasiko da eta 18:00ak aldera itxi arte sarrera doakoa izango da. Halere, bere harri-koxkorra ekarri gura duenak egin dezake Punta Galearen kontu-korrontean. Egun osoan, familiek zer ikusi eta zertaz gozatu izango dute Faduran: 4 eta 6 lagun arteko taldekako erlojupekoan, emakumezko zein gizonezko zikloturistek belodromoari 15 bira eman beharko dizkiote; ume zein gazteek jolasetan ondo pasatzeko aukera izango dute; eta elkartasun-txosnan mokaduak eta edariak izango dira; eta bazkaltzeko, paella erraldoia prestatuko dute gose den edonorentzat, prezio sinboliko baten truke. Gainera, zenbait kirolari ospetsu ere bertan izango da. Eurek emandako hainbat objektu zozketan ipiniko dute.