Gizonezko bi atxilotu dituzte Getxon bide segurtasunaren kontrako delitu bana egotzita

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 9a, 12:22

Getxoko Udaltzaingoak lagun bi atxilotu zituen joan den aste-akabuan, bide-segurtasunaren aurkako delitu bana egotzita, udal iturriek azaldu dutenez. Jakinarazpenaren arabera, autoa baimendutakoa baino alkohol-tasa handiagoagaz gidatzen zebilen.

Lehenengo atxiloketa zapatuan, hilaren 5ean, 03:35ak aldera jazo zen. Getxoko udaltzainek auto bat ikusi zuten Areetako Zugatzarte etorbidean kontrako noranzkoan zihoala. Trafikoaren segurtasunerako suposatzen zuen arriskua ikusita, udaltzainek ibilgailu hori geldiarazi eta zegokion erreira gidatu zuten; ondoren autoa geldiarazi zuten.

Alkohol-proba egiterakoan, gidariak, 47 urteko gizonezkoak, 1,21 mg/l eman zuen, hau da, baimendutako alkohol-tasa baino sei aldiz handiagoa, poliziek jakinarazi dutenez. Hori horrela, atxilo eraman zuten, bide-segurtasunaren kontrako delitua egotzita.

Bigarren atxiloketa domekan izan zen, hilaren 6an, 04:10ak aldera. Udaltzainek debekatutako noranzkoak eta argi barik zihoan auto bat ikusi zuten Itzubaltzeta/Romon. Gidariak, 48 urteko gizonezkoak, 1.02 mg/l eman zuen alkohol-proban, baimendutakoa baino bost aldiz gehiago. Hala, bide segurtasunaren aurkako delitua egotzita atxilotu zuten.

Polizia-eginbideak bideratu eta Getxoko Guardiako Epaitegira bidali dituzte, epaiketa azkarraren prozeduraren pean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun