Alerta laranja deitu dute gaurko, euri-jasengatik eta olatuengatik

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 9a, 15:30

Denboraleek kalte ugari sortu ohi dituzte Ereaga hondartzan, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja deitu du gaur eguaztenetik bihar egueneko 12:00ak arte, euria dela eta. Bestalde, alerta maila berdina ezarriko dute bihar goizaldeko 03:00etatik 07:00etara, olatuengatik. Horren aurrean, Imanol Landa Getxoko alkateak Larrialdietako Udal Plana 0 egoeran jarri du indarrean, krisi-mahaia deitzeagaz batera. Hala, Getxoko Udalak eskura dituen giza eta material baliabide denak jarri ditu martxan, sor daitezkeen arazoei aurre egiteko, Segurtasun Saila eta larrialdiko zerbitzuakaz elkarlanean.

Gomendioak

Udalak egoera hauetan ematen diren gomendioei jarraitzeko eskatzen du:

  • Ez ibilgailurik utzi ez eta kanpin egin ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan.
  • Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
  • Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
  • Ahal baduzu, ez hartu autoa.
  • Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
  • Erretiratu urak eroateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  • Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Urrundu erreka, uhar, zubi edo urpean gera daitezkeen lekuetatik, eta ez saiatu urak hartutako lekuetatik pasatzen, ez autoz ez oinez: urak indar handia dauka eta eraman egin zaitzake. Ura dela-eta autoa errepidean ez aurrera ez atzera geratzen bazaizu, itzali argiak eta irten autotik.
  • Mendi-magaletatik eta muino-magaletatik urrun egon; ura, harriak eta lohia amil daitezke-eta.
  • Ura etxebizitzara sartuko balitz, alde egin soto eta behe-solairuetatik albait azkarren.
  • Etxea utzi beharra badaukazu, itzali argindarra eta itxi gasa eta ura. Gainera, utzi ohar bat ostatua non hartuko duzun adierazteko.
  • Jo leku altuenetara; saihestu urpean gera daitezkeen lekuak.
  • Jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.

Larrialdiren bat izatekotan honako telefono zenbaki hauetara deitu behar da: 944 660 202 (Udaltzaingoa) eta 112 (SOS DEIAK).

Iragarpenen gaurkotzeak eta iragarpenak Euskalmeten bitartez segitzea gomendatzen eta kasu hauetan, bereziki Twitterren bidez (@Euskalmet).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun