Getxoko Udalak 324.881 euro banatuko ditu udalerrian euskara sustatzeko

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 10a, 09:07

Imanol Landa Getxoko alkatea eta Koldo Iturbe Kultura, Euskera eta Gazteria zinegotzia. © GETXOKO UDALA.

Getxoko Udalak 2016an euskara sustatzeko deialdien artean 324.881euro banatzea onartu du, Euskara Sustatzeko Ekintza Planak (ESEP) estrategikotzat jotzen dituen arloetan eragiteko, hain zuzen ere, "herritarren ikaste eta erabiltze prozesuak, helduen euskalduntzea, aisialdia eta kirola, komunikabideak, kultura, eta lan-mundua bezalako arloak estrategikoak izan, diren eta izango diren arloetan eragiteko", nabarmendu du Imanol Landa Getxoko alkateak. Izan ere, azaldu dutenez, deialdiek bidea erraztu gura dute normalizazioaren bidean pausoak ematen jarraitzeko.

Gainera diru-laguntzek agerian uzten dute ekimen instituzionalaren eta herri-ekimenaren edo euskalgintzaren arteko osagarritasuna, eta "hori, gizarte eragileekin lan egitea gure ezaugarria eta lorpena izatea lortu du Getxoko Udalak. Lagundu nahi dugu herritarren hizkuntzaren gaitasuna areagotzen, erabilera handitzen eta mota askotako ekitaldiak euskaraz gozatzen, eta oraindik lortu ez den helburua egia bihurtzeko, hau da, euskaraz bizi nahi duenak hori egin ahal dezan", adierazi du alkateak.

Deialdiak

Euskararen jakite maila eta erabilera areagotzeko diru laguntzetarako 90.400 euro bideratuko dira. Hain zuzen ere, Udalak 83.400 euro banatuko ditu euskara ikasteko gizabanakoei zuzendutako diru-laguntzen artean, eta beste 7.000 euro enpresei ematen dizkien laguntzetarako izango dira.

  • 75.400 euro, euskara ikasi nahi eta baliabide ekonomiko nahikorik ez duten getxotarrentzat izango dira. Kasu horietan eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da.
  • 1.000 euro Udaleko eta erakunde autonomoetako langileek eta zinegotziek euskara ikasteko. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da.
  • 6.000 euro onartu ditu Udalak, gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiten duten 17 eta 23 urte bitarteko gazteentzat. Kasu hauetan eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da.
  • 1.000 euro elkarteetako aisialdiko begirale eta zuzendari agiria lortzeko euskaraz. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da.
  • 7.000 euro bideratuko dira, errotuluak eta ibilgailu komertzialak euskaraz ipintzeko. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da.

Diru-laguntza horiekaz batera, Udalak beste zerbitzu batzuk mantenduko ditu euskararen erabilera sustatzeko helburuagaz, tartean, herriko elkarteei eskaintzen dizkien itzulpen zerbitzua, aholkularitza eta ekitaldietarako aurkezle euskaldunen zerbitzua eta Getxoko merkatariei nahiz ostalariei doan eskaintzen dizkien itzulpen- eta maketazio-zerbitzuak.

2015ean euskara ikasteko 215 laguntza eman ziren; 43 laguntza gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiteko; aisialdiko begirale eta zuzendari agiria lortzeko lau laguntza eta 22 errotulua euskaraz ipintzeko (15 euskara hutsean eta 7 ele bietan).

Era berean, euskal kultura sustatzeko 133.440 euro banatuko dira, hurrengo eran:

  • 66.240 euro Bizarra Lepoan elkarteari euskarazko aisialdi-jarduerak antolatu eta GEHI egitasmoaren jarraipen eta dinamizazio lanak egin ditzan.
  • 33.600 euro ALBEri, bertsolaritza sustatzeko jarduerak antolatu ditzan.
  • 33.600 euro Egizu Getxo Euskaldun elkarteari euskara ikasten ari diren getxoztarren artean euskara sustatzeko jarduerak antola ditzan.  

Hiru elkarteek datorren apirilaren 1era arte edukiko dute epea proiektuak aurkezteko. Euskararen erabileran dute eragina aipatutako elkarteek antolatzen dituzten jarduerek. Hala, iaz ALBEk antolatutako jardueretan 6.550 lagunek hartu zuten parte; Bizarra Lepoan elkartearen Bapiruke egitasmoan 497 ume aritu ziren, Gehitu Kirola eta Gehitu Kultura egitasmoetan ehun bilera baino gehiago egin ziren elkarteakaz eta Egizuren ekimenetan 6.679 lagunek hartu zuten parte.

Komunikabideetan euskara sustatzeko,berriz, 51.681 euro banatuko dira, "horien papera oso garrantzitsua delako hizkuntzaren sustapenerako". Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 1ean amaituko da.

Eskola orduz kanpoko jardueretan euskara sustatzeko ere 32.000 euro banatuko dituzte, eta diru-laguntza horiek eskatzeko epea maiatzaren 2tik 27ra izango da. 2015ean 7 ikastetxek eta 12 guraso elkartek jaso zuten diru-laguntza hori. Horiekaz, Udalak 181 egitasmo lagundu zituen, "aurrekoan baino 30 gehiago eta inoiz baino proiektu gehien". 

Azkenik, euskal kultura sustatzeko 17.360 euro bideratuko dituzte, hau da, umeen San Juan sua eta Olentzero-ekitaldiak antolatzeko. Lehenengorako epea maiatzaren 13ra arte egongo da zabalik, eta bigarren kasurako, datorren urriaren 31ra arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun