Getxo Igeriketako kideek sari ugari irabazi dute

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 12a, 14:00

Getxoko Igeriketa Waterpolo klubeko kideak Galdakaon. © GIW

Getxo Igeriketa Waterpolo taldeko igerilariek ederto jardun dute urteko lehenengo bi hilabeteetako lehiaketetan. Euskal Herriko Neguko Gazte Txapelketetatik, 11 dominagaz itzu­li ziren etxera Iruñetik: urrezko hiru, zilarrezko bost, eta brontzezko hirugaz.

Tolosan jokatutako Euskal Herriko Haur Txapelketan beste lau domina jantzi zituzten, urrezko bi eta brontzezko beste bi. Espainiako Txapelketan ere izan ziren getxoztar batzuk, Euskadiko selekzioagaz. Ez zuten dominarik lortu, baina Bizkaiko eta Euskadiko hainbat marka hautsi zituzten.

Boladaren azken txapelketa, Bizkaikoa, beste 23 metal batuz amaitu zuten. Galdakaoko kiroldegian, Getxoko igerilariek denbora-marka oso onak lortu zituzten, euren markak jaitsiz. Hamabi domina norbanakoenak izan ziren, eta beste 11, ordea, taldekako lana saritzeko.

Ane Ibarrondok urrezko domina bi lortu zituen Euskal Herriko gazte-lehian, 50 eta 100 metroko tximeleta-probetan; zilarrezkoak ere distantzia berdinetan lortu zituen, baina estilo librean. Bizkaian errepikatu zuen urrezko emaitza, 50 metroko tximeletan. Itziar Tardaguila, ostera, hirugarrena izan zen Euskal Herriko Gazte Txapelketan, 200 metroko bular-igeriketan. Bizkaikoan, urrezkoa lortu zuen distantzia eta diziplina berean.

Magdalena Musons lehenengo pos­tuan geratu zen Bizkaiko proban, 100, 200 eta 400 metro libreetan. Naia Ibarrondo ere nabarmendu zen Galdakaon, 200 eta 100 metroko tximeletan nagusituta. Espainian, Bizkaiko markarik onena hautsi zuen 200 metroko tximeletan; 02.24,27 denbora egin zuen, ezarritako muga segundo bi baino gehiago murriztuz. Gainera, 100 metroko tximeleta-proban, Bizkaiko eta Euskadiko markarik onena hautsi zuen, 01.03,68 denboragaz, Ane bere ahizpari errekorra kenduz. Norbanako dominak ere lortu dituzte gizonezkoek. Jon Alonsok brontzezkoa eskuratu zuen Euskal Herrikoan, 800 metro libreetan. Bizkaian, berriz, urrezkoa jantzi zuen, 200 metroko estiloan. Halere, Galdakaon gizonezko igerilaririk onena Mikel Bildosola izan zen, lau dominagaz bueltatu baitzen etxera: 100 metro bizkar, estilo eta libreetan eta 50 metro libreetan. Azkenik, taldeko umeak ere oso ondo ibili ziren Tolosan. Yoel Panpinek urrezkoa lortu zuen 100 eta 200 metroko probetan; eta Maialen Lizarralde eta Gorka Bordegaray hirugarrenak izan ziren, hurrenez hurren, 200 eta 400 metroan. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun