Getxok itsas ondarea eta ondare arkitektonikoa sustatuko ditu aurten

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 14a, 11:20
Getxoko turismo bulegoa.

Getxoko Udaleko Turismo Sailak udalerriko itsas ondarearen eta ondare arkitektonikoaren dinamizazioa sustatuko du aurten, Getxo "erreferentziazko helmuga" gisa finkatzeko. Hala adierazi du Irantzu Uriarte Turismoko zinegotziak. Horretarako, hainbat ekimen garatuko dute: Algortako Portu Zaharrean jarduera-plan bat martxan jarri eta ondarearen ezagutza sustatzea, Bizkaiko Zubitik Portu Zaharrera, besteak beste. Hala, Uriartek jakitera eman duenez, aurten ekimen interaktibo batek bat egingo du Etxe Handien paseoagaz, ibilbidea modu desberdinean egiteko aukera emango duena. Unescok Bizkaiko Zubia Gizateriaren Ondare izendatu zueneko 10. urteurrena ospatuko den urtean jarriko dute proposamena martxan.

Halaber, zerbitzu eta baliabide turistikoak nabarmentzeko helburuagaz, Udalak udalerriko Seinaleen Plan Integralaren lehenengo fasea garatuko du aurten, Eusko Jaurlaritzaren turismo-seinaleak homogeneizatzeko ekimenaren martxan ipintzeagaz bat eginik.

Bestalde, Euskal Kostaldea elkartearen barruan, Internet bidezko marketin-plan bat garatzen ari dira. Bertan, turistak dira estrategiaren protagonistak. Sormenezko kanpaina bat da, elkarteko udalerrien ikuspegia EAEko eragile publiko eta pribatuen ikuspegiagaz integratzen duena.

Era berean, Udalak tokiko enpresa turistikoakaz lan egiten jarraituko du eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta Turismo Mahaiaren lana dinamizatuko du.

2015eko balantzea

Irantzu Uriartek gogorarazi duenez, "2015. urtea Getxoko turismoarentzako urte ona izan zen. Bisitarien kopuruak gora egin zuen (2014an baino % 54 gehiago) eta establezimenduen kalitate turistikoa finkatu egin zen (Helmugako Turismoaren Kalitaterako Osoko Sistemaren diplomen berritzea)".

Uriartek adierazi du Turismo Bulegoak liburuxka berri bat gehitu ziola bere argitalpenei: "Getxoz gozatzeko planak". Bertan, 41 planen bitartez 180 enpresa jarri ziren ikusgai. Gainera, jarduera bereziak jarri zituen martxan eta sektoreko beste erakunde batzuekaz hainbat aliantza egin zituen (Euskadi Gastronomika kluba, Bizkaia Euskal Kostaldea…).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun