Halaber, zerbitzu eta baliabide turistikoak nabarmentzeko helburuagaz, Udalak udalerriko Seinaleen Plan Integralaren lehenengo fasea garatuko du aurten, Eusko Jaurlaritzaren turismo-seinaleak homogeneizatzeko ekimenaren martxan ipintzeagaz bat eginik.
Bestalde, Euskal Kostaldea elkartearen barruan, Internet bidezko marketin-plan bat garatzen ari dira. Bertan, turistak dira estrategiaren protagonistak. Sormenezko kanpaina bat da, elkarteko udalerrien ikuspegia EAEko eragile publiko eta pribatuen ikuspegiagaz integratzen duena.
Era berean, Udalak tokiko enpresa turistikoakaz lan egiten jarraituko du eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta Turismo Mahaiaren lana dinamizatuko du.
2015eko balantzea
Irantzu Uriartek gogorarazi duenez, "2015. urtea Getxoko turismoarentzako urte ona izan zen. Bisitarien kopuruak gora egin zuen (2014an baino % 54 gehiago) eta establezimenduen kalitate turistikoa finkatu egin zen (Helmugako Turismoaren Kalitaterako Osoko Sistemaren diplomen berritzea)".
Uriartek adierazi du Turismo Bulegoak liburuxka berri bat gehitu ziola bere argitalpenei: "Getxoz gozatzeko planak". Bertan, 41 planen bitartez 180 enpresa jarri ziren ikusgai. Gainera, jarduera bereziak jarri zituen martxan eta sektoreko beste erakunde batzuekaz hainbat aliantza egin zituen (Euskadi Gastronomika kluba, Bizkaia Euskal Kostaldea…).