Getxoko Udaltzaingoaren memoriak argitaratu dituzte

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 16a, 17:31

Getxoko Udaltzaingoaren komisariako koordinazio zentroa. © GETXOKO UDALA.

Getxoko Udaltzaingoak 1.323 salaketa penal izapidetu zituen iaz, eta nabarmendu dutenez, murriztu egin dira indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretak (56tik 52ra), indarra erabiliz egindako lapurretak (2014an 173 izan ziren eta 2015ean 149), eta ebasketak (61etik 46ra). Halere, bide segurtasunaren aurkako delituak areagotu ziren iaz: 2014an 76 izan ziren, eta iaz, berriz, 139. Hala, polizia iturrien arabera, 1.000 biztanle bakoitzeko salaketen proportzioa %1,08 handitu da.

Trastelekuetan egindako lapurretak ere gehitu ziren iaz, 86 izatetik 112ra igaro baitziren. Hala ere, udal arduradunek jakinarazi dutenez, Bizkaiko delituen tasa 42,36 arau hauste penalekoa da 1.000 biztanle bakoitzeko, eta Getxon, indize hori 26,90 puntukoa da (2014an 28,02 izan ziren).

Atxilotutako pertsonak

Udaltzaingoaren memoriak erakusten duenez, 214 pertsona atxilotu zituzten iaz; 2014an 181 izan ziren. Bide segurtasunaren aurkako delituen inguruko atxiloketek eragin dute igoera hori. Izan ere, jakinarazi dutenez, alkoholemia-kontrolak areagotu zituen iaz.

Era berean, azpimarratu dutenez, iaz 1.690 izan ziren Udaltzaingoak pertsona eta ibilgailuei emandako laguntzak. Horren harira, "Udaltzaingoak bete egiten du larrialditzat jotzen diren gorabeheretarako daukan erantzute-denborako helburua: 7 minutu baino gutxiago. Aitzitik, ibilgailu batek norbait harrapatzen badu, beste bat jotzen badu edo galtzadatik irteten bada eta zauriturik badago, 3 minututan iristen gara lekura", adierazi dute polizia iturriek.

Txostenean, halaber, honako hauek jasotzen dira: genero indarkeriaren biktimengatik 10 salaketa (2014an 7); etxeko bortizkeriagatik 1 eta sexu erasoengatik 2 (2014an 3 izan ziren). Horrez gainera, Udaltzaingoak 1.949 zaintza egin zituen, aurreko urtean baino 300 gehiago.

"Memoriaren bidez gure jardunaren berri emateaz gain, uste dugu datu horiek guztiek pertsona, agente eta herritar guztioi laguntzen digutela prebenitu edo errespetatu behar ditugun gauzetan arreta gehiago jartzen.Hori guztia gure udalerria seguru izaten jarraitzeko helburuz", nabarmendu du Keltse Eiguren Udaltzaingoaren ardura daukan zinegotziak.

Prebentzioko jarduketak areagotzea

Iaz planeatutako lanetatik ondorioztatutako prebentzio-jarduketak areagotu ziren ere. "Korrika" izenekoak areagotu ziren, hau da, herriko kaleetan oinez dabiltzan agenteak (2014an 1.341 "korrika" egin ziren eta iaz 1.962). Ikuskapen batzuetan aipatzen diren zenbait gune kontrolatzeko jarduketa presentzialak ere areagotu ziren: 2.286tik 3.829ra. Zerbitzu guztien % 19a oinez egin da eta "korrika" bakoitza 77 minutukoa izan da, batez beste.

Istripuak

Iaz 490 trafiko istripu izan ziren, eta 2014an 429. Zenbateko horien artean, biktimak izan zituzten istripuen murrizketa nabarmendu behar da (2014an 108 izan ziren eta iaz 93); aitzitik, biktimarik gabeko 46 istripu gehiago egon ziren (351tik 397ra). Nahasteak dira istripuen zergati nagusia, eta horren atzetik, segurtasun neurri egokiak ez hartzea.

Azkenik, esan beharra dago Getxoko Udaltzaingoak trafikoko prebentzio kanpainak areagotu zituela. Bereziki azpimarratu behar da alkoholemia kontrolak (aurreko urtean 90 izan ziren eta 2014an 20), eta 791 ibilgailu kontrolatu zirela (duela bi urte 215 izan ziren).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun