Raspasek eta Bermeok irabazi dute Astilleroko San Jose Sari Nagusiko bandera

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 16a, 18:15

Raspas eta Bermeoko arraunlariak Astilleron. © RASPAS ARRAUN ELKARTEA

Raspas arraun-elkarteak eta Bermeoko klubak osatutako tandemak garaipena eskuratu zuen pasa den zapatuan Kantabrian. Zehazki, Traineruen eta 8+ VII. Igoera-XXIV. San Jose Sari Nagusia estropadako bandera ekarri zuten Astilleroko uretatik.

Bizkaitarrek aulki mugikorreko eta traineruen proba konbinatuan marka onena egin zuten. Estropadan, Kantauriko arraun-elkarte garrantzitsuenetako batzuek parte hartu zuten, TKE eta KAE ligetako kideak.  Antolatzaileen esanetan, estropadaren marka berria ezarri da, parte hartu duten ontzien kopuruari dagokionez: 28 izan ziren guztira: 21 traineru eta 8+ko 7.

Proban, distantzia luzeko estropada egin zen –igoera-, erlojupekoa, zeinean 8+ modalitateko ontziek 4.000 metroko tartea ibili zuten; traineruek, ordea, 5.000 metro. Banderaren irabazlea Bermeo eta Raspaseko arraunlariek osatutako tandema izan zen, igoera proban denbora onena egin baitzuten bi modalitateetakoak batuz. 8+koan Raspaseko zazpi arraunlari lehiatu ziren, 13.05,48 denboragaz; trainerukoan, ordea, Bermeoko arraunlariek osatu zuten, 16.41,56 markagaz. Aulki mugikorrean hirugarren sailkatu ziren, Deustu eta Getxoren ondotik, eta traineruetan Bermeo izan zen txapelduna, Pasai Donibane eta Portugaleteren aurretik.

Estropada berean VI. Lagar Memoriala abiadura-proba ere jokatu zen, 500 metroko distantzian, modalitate bietan. 8+koan, Raspas-Bermeo bigarren sailkatu zen, Deusturen ondotik eta Getxoren aurretik, eta traineruen esprintean Bermeo ere bigarren izan zen, Pasai Donibaneren atzetik eta Portugaleteren aurretik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun