"Oraintxe da ekiteko garaia" lemapean egingo da zapatu honetan klima-aldaketaren aurkako ekimen hori. "Planetaren Ordua" Sydneyn (Australia) hasi zen 2007. urtean, klima-aldaketaren aurkako keinu sinboliko gisa, eta, bere sustatzaileen berbetan, "historiako ingurumen-arloko mobilizazio handiena" bihurtu da.
Azaldu dutenez, 2015ean, "agerikoa izan zen hiritarrek mobilizatzeko duten gaitasuna", izan ere, mundu osoko ehunka hirietako kaleetara jende asko atera zen, Parisko Gailurrean asmo handiko hitzarmena exijitzeko. Horren harira, "Parisen lortutakoa itxaropentsua da, baina hasiera baino ez da", aipatu dute WWFkoek.
Gailurretik irten zen mezuetako bat honako hau da: "Udalak funtsezkoak dira Parisko Akordioa errealitate bihurtu eta mundu %100 berriztagarri baten alde aurrera egiteko".
Horregatik guztiagatik, Getxoko Udalak ekimenagaz bat egiteko eta ekimena herritarren artean zabaltzeko konpromisoa hartu du, sare sozialen eta hedabideen bitartez; eta kanpainaren bultzatzaileek energia aurrezteko proposatutako energia-eraginkortasunerako zenbait neurri hartzeko.
Kanpainan parte hartzeko, eman ezazu izena hemen: Horadelplaneta.es