Taldeak multzo bitan banatuko dituzte. Multzo horian, Leioak eta Getxok jardungo dute, Vigo, Helios, Sestao eta gizonezko Atletic-Barcelonetagaz batera. Sariketaren lehen partida Leioak eta Vigok jokatuko dute barikuan, goizeko 10:00etan. Multzo berdean, Askartzak jokatuko du, Bidasoa XXI, Catalunya, Santiago eta nesken Atletic-Barcelonetagaz. Gainera, Coruña iazko irabazlea ere azken multzo horretan egongo da.
Lehenengo fasean, ligaxka bi jokatuko dituzte Fadurako igerilekuetan. Multzo bakoitzeko 5. eta 6. sailkatuak sailkapen orokorreko 9. eta 12. bitarteko postuengatik lehiatuko dira bigarren fasean. Ligaxketan 3. eta 4. geratutakoek, ordea, 5. eta 8. bitartekoak banatuko dituzte. Azkenik, lehenengo faseko irabazle eta bigarrenek lauko finalean jardungo dute domekan, 13:30etik aurrera.
Partidaz gainera, sariketak izango du bestelakorik ere: hainbat berbaldi egingo dituzte, eta zapatuan, talde denen aurkezpen ofiziala egingo dute, 17:00etan. Ekimena WP Campek eta Getxo Igeriketa Waterpolo elkarteak antolatu dute, Getxo Kirolak udal erakundearen laguntzagaz.
Oharra igerilekuetako erabiltzaileei
Lehiaketa egunetan, Getxo Kirolak udal erakundeko abonatuek igerileku olinpikoa eta Gobela kiroldegiko igerilekuak erabili ahal izango dituzte, Getxoko Udalak iragarri duenez.