Gaueko boxeo-ekitaldia Getxoko Izarrak Boxing Club-ak antolatu du Euskal Boxeo Federazioarekin batera, eta bertan, besteak beste parte hartuko du Jon Nuñez Itzubaltzeta/Romoko Bunk3r boxeo-taldeko kide getxoztarrak, Bizkaiko pisu arineko gerrikoa irabazi eta hiru astetara. Nuñez 60 kilo azpiko kategorian igoko da ringera.
Beste hiru boxeolari getxoztar izango dira: Guillermo Rivero erdiastuneko Bizkaiko txapelduna (-81kg.), Diego Uribe welter-mailako Bizkaiko txapelduna (-69kg.) eta Diego Valtierra (-64kg.).
Halaber, hasiberrientzako saioa antolatu du Izarrak Boxing Club-ak Bizkaiko Boxeo Federazioak lagunduta, eta larunbatean bertan izango da, goizeko 11:00etatik aurrera. Saio horretan Getxoko zortzi lagunek hartuko dute parte (zazpik gizonezkoen kategorian eta batek emakumezkoen kategorian).
Kiroldegiak 10:00etan zabalduko ditu ateak, goizeko saiorako. Bigarren saioa 17:00etan hasiko da. Sarrerak aurretik eros daitezke 10 euroan atal bakoitzeko, edo leihatilan bertan, 12 euroan goizeko saiorakoak, eta 15 euroan arrastikorakoak.
Bizkaiko gerrikoak
Bizkaiko gerriko bina lortu dituzte Algortako Izarrak eta Itzubaltzeta/Romoko Bunk3r boxeo-taldeek. Otsailaren 28an izan zen, Sestaoko Benedicta kiroldegian.
Oilar-pisuan, Bunk3rreko Danel Abando Bizkaiko txapeldun izendatu zuten, finalean Manpo Gym taldeko Denis Diazi irabazita. Pisu arinean lortu zuen Bunk3rrek bere bigarren garaipena: Jon Nuñezek jantzi zuen gerrikoa, Ibon Larrinaga aurreko Bizkaiko eta oraingo Euskadiko txapeldun itzubaltzetarraren aurkako finalean. Larrinagak MGZ enpresagaz sinatu du kontratu profesionala. Bestalde, Izarrak taldeko garaipenak welter-pisuan eta pisu erdiastunean izan ziren. Welter-mailan, Diego Uribe izan zen garaile, Manpo Gym taldeko Reini Arreguiri irabazi ondoren. Kategoria erdiastunean, Guillermo Riverok Bilboboxing taldeko Jon Ander Perea garaitu zuen. Bizkaiko txapeldun berriak zapatuan izango dira Faduran, Euskadiko Txapelketan.