Udal Gobernua "ireki" gura dute Getxon

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 21a, 12:10

Getxoko udaletxea.

Getxoko Udalak Gobernu Irekia egitasmoaren Gida Plana aurkeztu du. Hala, horren arabera, aurten hiru jarduketa-eremutan 16 ekintza egingo dituzte, Udalaren zazpi arlo eta erakunde autonomoren eskumenez. Horien artean, besteak beste, "streaming" kanal berria abiatuko dute, herritarrek Udaleko osoko bilkurak zuzenean ikusi eta entzun ahal izateko. Getxoko Udalbatzak pasa den urtarrilean eman zien oniritzia zuzeneko emanaldiei. EH Bilduren ustez, Gobernu Irekiaren egitasmoa "bide onean" doa, halere, horretan lerro bat faltan bota dute: "herritarren erabakitzeko eskubidea".

Udalak aurreikusi duenez, hiru jarduketa eremu eta 16 ekintza egingo dira aurten Gobernu Irekiaren Gida Planaren barruan. Imanol Landa alkateak azpimarratu duenez, "Planaren eremuetan egingo ditugun jardueren bitartez, pauso bat gehiago egin nahi dugu ekintza publikoko eredu konprometituago eta arduratsuago baterako bidean, praktikarik onenak sustatzen dituena eta herritarrak erabakiguneetara gehiago hurbiltzen dituena, horrela hurbilen daukaten erakundearengana konfiantza sendotu ahal izateko". Hala, zehaztu duenez, "ekintza sorta bat abian jarri nahi dugu eta herritarrekiko zuzeneko harreman eta komunikazio bide berriak finkatu, herritarren parte hartzearen bidez, gardentasunaren bidez eta datu irekien bidez”.

Herritarren parte-hartzea

Amaia Agirre Komunikazio, Herritarren Arreta, Gardentasun eta Herritarren Parte Hartzeko Arloko arduraduna den zinegotziak azaldu duenez, herritarren parte-hartzerako prozesua abiatuko da aurten, 2016ko udal aurrekontuen partida bategaz. Hala, azaldu dutenez, parte-hartzearen diagnostikorako mapa bat diseinatuko dute. Era berean, Auzoz Auzo ekimen berri bat sortuko dute, Gobernu Irekiaren atari berria jarriko dute martxan, alde biko elkarreragina ahalbidetuko duen aplikazio berri bat sortuko dute, Udaleko langileentzat zenbait prestakuntza-ekintza egingo dituzte, eta parte-hartzearen eremurako jarduketa protokolo bat eta erabilera espezifikorako eskuliburu bat egingo dute. Halaber, 2017-2019 Gida Plana zehaztuko dute.

Urtez urte, parte-hartzearen aldeko apustua egin du EH Bilduk Getxoko Udalean. Hala, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernu-taldearen Gobernu Irekiaren plana "bide onean" doala azaldu du Arantza Gutierrez Getxoko EH Bilduko zinegotziak. "Aurkeztu duten gauza asko guk ere eskatzen genituen, eta hori oso ondo ikusten dugu. Halere, oraindik ere beste lerro bat falta dela uste dugu: erabakitzeko eskubidea", adierazi du Gutierrezek. Zentzu horretan, herritarren iritziak eta iradokizunak jasotzea "ondo" dagoela dio koalizio soberanistaren bozeramaileak, baina, bere ustean, erabakitzeko eskubidea bermatzea "beharrezkoa da, ahotsa izatea erabaki garrantzitsuetan"; horretarako, herritarrek informazio guztia eskura izatea "ezinbestekoa" dela uste du Gutierrezek.

Era berean, Gobernu Irekiaren planak barnebiltzen ez duen beste kontu bat aipatu du EH Bilduko zinegotziak: udal komunikabideak. Bere iritziz, komunikabide publiko horiek "ireki" beharra dute: "herritarren iritziak jaso behar dituzte".

"Erabateko" gardentasuna

Amaia Agirrek esan duenez, "erabateko gardentasunerantz ibiltzen jarraitzearen garrantziaren jakitun garenez gero, Udala legeak ezartzen dituen betebeharrak baino urrunago doa. Horregatik, Gardentasunaren Legeak eskatzen duena baino informazio gehiago eskainiko diegu herritarrei".

Horren harira, besteak beste, "streaming" kanal berria abiatuko dute, herritarrek Udaleko osoko bilkurak zuzenean ikusi eta entzun ahal izateko. Kanal hori bihar, martitzena, arrastiz egingo den osoko bilkuran estreinatuko dute, modu esperimentalean. Era berean, eremu horretan "informazio erraz eta eskuragarriagoa" emateko ekintzak finkatu dituzte, eta gardentasunean dauden ataletan sartzea sustatzeko kanpaina egingo dute, baita datu irekietan eskaintzen direnetan sartzeko ere.

Datu irekiak

Datu irekiei dagokienez (Open data), pertsonei eskaintzen zaien informazioa hobetu gura dute, "errazago eta eskuragarriagoa" eginez. "Ekimen hauen bidez, gure erakundea jendeari hurbildu eta herritarren parte hartzea hobetzeaz gain, berrikuntza eta tokiko balioaren sorrera sustatzen dira, pertsonek eta merkatuko enpresek informazio publikoaren onurak jaso ditzaketelako eta balio erantsi handiko produktu eta zerbitzu berriak eskaini ahal dituztelako", adierazi du Agirrek.

"Open data"k datuen katalogo edo zerrenda bat ematen du, zenbait formatutan, datuok birbanatzeko, berrerabiltzeko eta aprobetxatzeko.

Gobernu Irekiaren ekintzen memoria

2015eko Gobernu Irekiaren ekintzen memoriaren arabera, iaz 134 jarduketa egin ziren, Udaleko zazpi arlo eta erakunde autonomok eginak. Memorian, besteak beste, 19 ekintza daude gai hauen inguruan: zerbitzuen gogobetetze azterlana, udalerriaren pertzepzio orokorra, udalerriaren errealitatea komertzioari, kontsumoari edo kultura-aniztasunari buruz jakiteko azterlanak, eta herritarren zenbait behatoki. Gainera, 30 ekintza abiatu ziren lan transbertsalaren, sektoreetako foroen eta laneko mahaien ingurukoan. Bestalde, 29 ekintza egin ziren gizarte eragileen parte hartzea daukaten planen edo programen inguruan; parte hartzeko 38 esperientzia (Auzoz Auzo, Begoñako galeriak, Getxo KoKrea, Ahalduntze Eskola, Kultura arteko Elkarrizketak, eta abar).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun