Bihar emango diote azken agurra Jose Luis Artetxe zenari

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 21a, 15:50

Artetxe iaz elkarrizketatu zuen HIRUKAk.

Pasa den zapatuan zendu zen Jose Luis Artetxe Mugire Athleticeko jokalari algortarra, 85 urte zituela. Artetxeren elizkizunak bihar, martitzena, egingo dituzte, 19:30etik aurrera Algortako San Nikolas elizan.

Atzo, jokalari zuri-gorriek euren agurra eman zioten Jose Luis Artetxe Athleticeko aurrelari, batzarkide eta 1965ko abenduaren 1etik ohorezko bazkidea zenari, Espanyol-en aurkako partidan besoko beltzak jantziz. Horretaz gainera, klubak "doluminik sentikorrena" adierazi die Artetxeren senide eta lagunei. Era berean, zaleek minutu bateko isilunea gordeko dute San Mamesen, apirilaren 3an, Granadaren aurkako partidaren aurretik.

Jose Luis Artetxeren erretratua

Talde zuri-gorriagaz arrakasta lortu zuen 50eko hamarkadan. Baina, 85 urteko algortarrak iaz HIRUKAri esan zionez, oraingo futbolari ez zion estimu handirik. Pilota gurago zuen.

Bost urte zituela, eskupilotan ibiltzen zen, bere aitagaz batera, Jose Luis Artetxe 85 urteko algortarra. "Frontoian ederto moldatzen nintzen, esku biakaz ematen bainion. Txapelketaren bat ere irabazi nuen", aitortu zuen, 2015eko maiatzean egindako elkarrizketan.

Jesuitakaz ikastera joan zenean hasi zen futbolean, eta horretan lortu zuen arrakasta, Athleticen, 20 urte zituela. Iriondo, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainza jokalariek osatutako aurrealde mitikoagaz ere bat egin zuen denboran.

Artetxe ere aurrelaria zen, eta ez zen atzean gelditu: 15 denboralditan 346 partida ofizial jokatu eta denera 133 gol sartu zituen talde zuri-gorriagaz, horietatik 105 liga txapelketan. Espainiako Kopa hirutan irabazi zuen bilbotarrakaz: 1955ean Sevillaren aurka, 1956an Atletico Madrilen kontra, eta 1958an Real Madril aurkari zeukatela. Ligari dagokionez, 1955/1956 txapelketa zeukan bere palmaresean. Gainera, Europako Kopako partida bakar batean hiru gol sartu zituen Athleticeko jokalari bakarra zen Artetxe algortarra. Portugalgo Oportori egin zizkion 1956an.

Barikuro Algortako Bidebitarte txokoan batu ohi zen lagunakaz talde zuri-gorriko jokalari handia izandakoa. Baina, eurek aitortzen dutenez, Jose Luisi ez zitzaion gustatzen futbolaz berba egitea. "Ez dakit zenbat denbora daroadan futbolera joan barik", aitortu zuen iaz aurrelariak. Artetxek zeharo minduta esan zigun "giza balioak zeharo galduta" dabilela futbola. "Jokalariak elkarri ostikoka etengabe, lurrera botaka inork ukitu gabe...", hori dena "gehiegizkoa" iruditzen zitzaion. Frontoira, eskupilota partidak ikustera, ostera, "harro" joan ohi zen, bost urte zitueneko partidak gogoan...

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun