Proiektu horregaz, argazkilariak erretratatu dituen pertsonen larru-azalaren kolore-bilduma osatu gura du (genero, larru-azal kolore, egoera sozial eta ideologia denetakoak), "gure gizarteak askotarikoak direla eta pluraltasuna indarraren eta aberastasunaren sinonimoa dela erakusteko, eta sailkapenak eraikuntza artifizialak direla frogatzeko".
Argazkiak Getxo udalerrian pasa den azaroan egindako argazki-saioetan atera zituen Angelica Dassek. 0 eta 65 urte bitarteko 56 pertsona (19 gizon eta 37 emakume) erretratatu zituen, leku desberdinetan jaiotakoak (Getxo, Bolivia, Maroko, Sahara, Ghana, Kuba, Honduras, Kolonbia, Filipinak…), gizarteko hainbat mugimendutako kideak (Gizatiar, Caritas, Eskubeltz, Perualde, Adrebol, Bilgune Feminista…), hezkuntza alorrekoak eta zurrumurruen kontrako agente ugari.
"Haragi kolorea?" ikasleen erakusketa metroan
Bestalde, barikuan, martxoak 18, "Haragi kolorea?" izeneko erakusketa inauguratu zen Algortako eta Areetako metro-geltokien sarrera nagusietan. Udalerriko hainbat ikastetxetan egindako tailerraren emaitza da esposizioa, Garrobi artisten kolektiboak kudeatutakoak, Angelica Dass argazkilariaren metodologian oinarrituta. Pluraltasunaz eta berdintasunaz kontzientziatzeko, proiektuan hurrengo zentroek hartu dute parte: Romo, Zubilleta eta Divino Pastor ikastetxeak, Gobela ikastola eta Julio Caro Baroja institutua. Ikasleek euren larru-azalaren kolorea topatzen ahalegindu dira, haragi-kolore arkatza alde batera utziz.