Getxoko Udalak etxebizitza bi erosiko ditu Gizarte Zerbitzuen beharrei erantzuteko

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 23a, 18:00

Getxoko Udalbatza osatzen duten zinegotziak, artxiboko irudian.

Getxoko Udalak martxoko osoko bilkura egin zuen atzo, martitzenean. Horretan, gizarte larrialdiei eta genero indarkeria pairatzen duten emakumeei arreta eskaintzeko izango diren babes ofizialeko etxebizitza bi erosteko 285.000 euro inguruko kreditu gehigarria onartu zuten. Gaia aho batez onetsi zen, "streaming" bidez lehenengoz zuzenean eman zen bileran.

Horrez gainera, PPk zein EH Bilduk ñabardura gisa adierazi zuten erabaki hori Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen aplikazioan burutu dela eta faltan botatzen dutela zerrenda bat, beharrizanak zeintzuk izango diren edo etorkizunerako Lege horrek Getxon eragingo dituen aldaketei buruzko ikuspegi orokorra emango duena.

Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak baieztatu egin zuen etxebizitza bi horiek erostean gura izan dutela gizarte zerbitzuetako beharrizanei erantzuten hastea. Izan ere, gizarte zerbitzuen zerrendan ezarri diren ostatu-zerbitzuak abian ipini nahi dituzte. Coriak gogorarazi zuenez, "Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren xedea hauek sustatzea da: gizarte integrazioa, herritar guztiei autonomiarekin eta mendekotasun, babes-gabezia eta bereizkeria egoera guztiei (edo horiek izateko arriskuei) arreta eskaintzea, eta beste sistema eta esparru batzuekin koordinatuta (enplegua, etxebizitza, osasuna, hezkuntza…) gizarte-ongizatea  eta inklusioa lortzea, bereziki egoera horiei aurre egin behar dieten pertsonen kasuan. Beraz, Ongizate-estatuaren, gizarte politikaren eta gizarte babeseko sistemaren funtsezko oinarria da".

Coriak, amaitzeko, adierazi zuen Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen aplikazioan abian jarri beharko diren zerbitzuak 2015eko urrian onetsi zen Gizarte Zerbitzuen Zerrendan ezarrita daudela.

Bestelako gai batzuen berri ematea

Bileran, beste proiektu batzuen artean, Romo Kultur Etxearentzat eta Getxo Antzokiarentzat dekretuen bidez gauzatu diren aurrekontuetako aldarazpenen berri eman zuten. Oposizioko taldeek, euren aldetik, gobernu-taldeak horren berri ematen duen arren, horren inguruan bozkatzeko aukerarik ez dutela salatu zuten. EH Bilduk azaldu zuenez, ia 3,5 milioi euro bideratu dituzte "makroproiektu" horietara; hain zuzen ere, "horren erdia etxebizitzetara zuzendu beharreko Zoruaren Udal Ondarea (ZUO) delakotik" hartu dutela salatu zuten.

Halaber, Bozeramaileen Batzordeak martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, egin zuen Erakundearen Aldarrikapena aipatu zen. Aldarrikapen horren bidez Europako Udalerriak eta Erregioak  (CCRE-CEMR) munduan gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde azaldu ziren. Aldarrikapenak EAJ, PP, PSE-EE  eta Ciudadanos alderdien aldeko botoa izan zuen; EH Bildu alderdia kontra azaldu zen eta GUK abstenitu egin zen.

Osoko bilkura, osorik. © GETXOKO UDALA

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun