Lehenengo atxiloketa joan den eguenean izan zen, martxoaren 31n, 20:55ak aldera. Udaltzainek, lekuko baten abisua jaso ondoren, ibilgailu bat geldiarazi zuten Makaletako Etorbidean, iturrien arabera, gidaria mozkortuta gidatzen zihoalakoan.
Alkohol-proba egiterakoan gidariak, 57 urteko gizonezkoak, 1,05 mg/l eman zuen, hau da, baimendutakoa baino lau aldiz gehiago, polizien arabera. Hala, gidaria atxilo eraman zuten bide segurtasunaren aurkako delitua egotzita. Halaber, gidariaren gidabaimenaren iraunaldia aztertu ondoren, epailearen aginduz lehendik kenduta zuela jakinarazi dute; hori horrela, bide segurtasunaren aurkako beste delitu batengatik ikertuko dute.
Bigarren atxiloketa zapatuan izan zen, hilaren 2an, 07:30ak aldera Algortan jarritako prebentziozko kontrol batean. Agenteek ausazkoan ibilgailu bat geldiarazi zuten eta gidariari alkoholemia-proba egin ostean, 49 urteko gidariak 0,74 mg/l-ko emaitza eman zuen, onartutakoa baino hiru aldiz gehiago, iturrien arabera. Hori dela eta, atxilo eraman zuten bide segurtasunaren kontrako delitua egitearen akusaziopean.
Auzi bietan ikertzeko polizia-eginbideak egiten ari dira, Getxoko Guardiako Epaitegira bidaliko direnak, epaiketa azkarraren prozeduran.