Getxoko Txorimalo gaztetxea bere hamargarren urteurren-ospakizunean murgilduta egon arren, ia urtebete igaro da okupatutako eraikin hori kudeatzen zuen gazte-asanblada desegin zenetik. Azken urteetan, jende gutxik parte hartzen zuen, eta asanbladaren benetako funtzioa betetzeari utzi zitzaion: "lau katu ginen, lan-karga izugarria zen, eta ondorioz ez ginen gai inolako lanketarik egiteko", aitortu du asanblada ohiaren kideetako batek. Hala, egun luzeak igaro dira gaztetxea hutsik dagoenetik, jenderik eta proiektu barik, hilik. Dena den, gaztetxearen urteurrena dela-eta, badirudi agerian-agerian dagoela jendeak gogotsu eta bertara igotzeko grina duela.
Hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldiez gainera, orokorrean, eraikin autogestionatuak ez du bestelako jarduerarik hartu azken hilabeteotan, "inork ez duelako hori kudeatzen". Horretaz jabetuta, hiruzpalau gazte elkartu, eta martxan ipini dute gune horregaz zer egin behar den erabakitzeko prozesua: "Hamarnakatu".
Azaldu dutenez, "erakutsi beharra dago lau katu baino gehiago garela eraikin horretan zer edo zer egin gura dugunok". Hori horrela, etxe okupatu horrekiko grina isiotu guran, apirilaren 16an, zapatuan, gune horregaz zer egin behar den erabakitzeko bilera irekia egingo dute, 19:00etan, Algortako Aldai Patronatuan. "Eztabaida herriari zabaldu beharra dago. Hori dela-eta, prozesuan ahalik eta lagun gehienek parte hartzea gura dugu: aurretik gazte-asanbladan egondako jendea, hurbileko lagunak, gaztetxeari erabilera eman diotenak... Herriko gazte orori parte hartzera dei egiten diogu", azaldu dute.
Diotenez, "hilda" egon arren, orain dela hamar urte okupatutako eraikin horrek "aukera asko" eskaintzen ditu, baina inork ez duenez kudeatzen, herriak erabaki "behar" du bertan zer gura duen. "Ez dago aurreikuspenik; bileretan ateratzen dena egingo da", ohartarazi dute.