Kalitate turistikoa hobetzeagatik Getxoko 19 enpresa nabarmendu ditu Eusko Jaurlaritzak

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 11a, 11:57

Getxoko turismo bulegoa.

Eusko Jaurlaritzak 19 enpresa getxoztar nabarmendu ditu "Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak erabiltzerakoan Jardunbide Egokiak" programan parte hartzeagatik eta udalerriaren kalitate turistikoa hobetzeko duten konpromisoagatik.

Nabarmendutakoak hurrengo arloetako enpresa-ekimenak dira: "Tabernak eta Kafetegiak" (7), "Jatetxeak"(2), "Turismo aktiboa" (4), "Ostatua" (3), "Taxiak" (3), "Museoak eta interes turistikoko gune bisitagarriak" (2) eta "Turismo bulegoak" (1). Guztira, 435 euskal enpresak lortu zuten ziurtagiria 2015ean, lehiakorragoak izateko egindako esfortzuagatik eta EAE jomuga berritzaileagoa eta kalitate handiagokoa bihurtzeagatik.

Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldian, enpresa getxoztarren ordezkariek, Irantzu Uriarte Turismo zinegotziak lagunduta, Jardunbide egokien programa Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak erabiltzerakoan hobekuntza ziurtatzen duen diploma jaso zuten, Arantza Tapia sailburuaren eskutik.

"Getxon lan egiten dugu gure udalerria kalitate handiko zerbitzuak eta esperientziak gozatzeko helmuga turistikoa izan dadin", esan du Irantzu Uriartek. "Zentzu horretan, enpresa getxotarrak zoriondu eta nabarmendu nahi ditugu, bai kudeaketan bai zerbitzuaren kalitatean hobetzeko programak martxan jartzearren, norberaren izenean zein helmuga turistiko moduan, beren konpromisoa geroz eta handiagoa delako. Izan ere, gurekin egun batzuk igarotzen dituzten bisitarien eta turisten gogobetetasun-maila altua ondo egindako lanaren saria da, eta lan ildo horretatik jarraitzeko beharra bermatzen du".

2014an, Turismo Bulegoa, jomugaren kudeatzaile gisa, "Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak erabiltzerakoan Jardunbide Egokiak" programa ezartzen hasi zen jomuga turistikoan esperientzia pilotu bezala, udalerriko 10 enpresatan. Lortutako emaitzak ikusita, 2015ean programan parte hartzeko enpresen kopurua bikoiztu egin zen (21) eta haietariko 19k helburua lortu zuten.

2016an programa hau 25 enpresara zabalduko da. Interesatuak Turismo Bulegoagaz jar daitezke harremanetan, 94 491 08 00 telefonora deituz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun