Bizkaiko ahaldun nagusia Getxon izan da, Lantegi Batuak bisitatzen

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 7a, 18:10

Unai Rementeria adi Lantegi Batuak enpresako behargin baten azalpenei. © BFA

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Lantegi Batuak enpresak Getxon dauzkan instalazioak bisitatu ditu. Lantegi Batuak proiektuaren sustatzailea, Gorabide, adimen-desgaitasunen bat dutenen alde diharduen Bizkaiko elkartea da.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Gizarte Ekintzako Sailaren bitartez, adimen-desgaitasuna duten pertsonen egoera aktiboa sustatu gura du, "beste bide bat baita egoera horretan egon eta heziketa-aldia bukatua dutenen gizarteratzea lortzeko", foru iturrien arabera. Asmo horrekin, aurten, 2016an, Aldundiak 9 milioi euro inguru bideratuko ditu Zerbitzu Okupazionaleko lanpostuak kudeatzen dituzten irabazi-asmo bako zenbait erakundetara. Jarduera okupazionalak gizarte-arloan esku hartzeko tresna bat dira, eta lana, bide bat bestelako gaitasun-maila dutenak ere gizarteratu daitezen. Ildo horretatik, 30 urteko lankidetza berretsi dute, duela gutxi foru erakundeak berritu egin baitu 1986az geroztik Lantegi Batuakegaz indarrean daukan lankidetza-hitzarmena, adimen-desgaitasuna dutenei Zerbitzu Okupazionaletarako aukera emateko zuzendua.  Foru-eskumeneko gizarte-zerbitzu horrek eskaintzen dituen 1.296 lanpostu okupazionaletatik, 825 Lantegi Batuakek kudeatzen ditu, eta haietarako inbertsioa 5.788.420 eurokoa izango da.

Desgaitasuna dutenen zahartze aktiboa lan-alorrean

Aurrekoaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiak lanean jarraituko du desgaitasunen bat duten pertsonen zahartze aktiboa lan-alorrean ere bultzatzeko. Adimen-desgaitasuna dutenen bizi-itxaropenak gora egin du azken urteetan. Gaur egun Lantegi Batuaken diharduten adimen-desgaitasundunetatik, %61ek 40 urte baino gehiago dituzte.  Gehienetan, pertsona horien lehen zahartze-sintomak 50 urteko adinagaz agertzen dira, baina gerta daiteke gazteagotan direlarik ere narriadura-seinaleak igartzea, eta, horregatik, beharrezkoa izaten da aurretiaz zeharkako neurriak hartzea.

Horren jakitun, 2006az geroztik Lantegi Batuakek zenbait ikerketa egin ditu erakundean diharduten adimen-desgaitasundunen zahartzeaz, eta martxan dauka proiektu bat pertsona horien zahartze aktiboa eta enplegu-egokitzapena errazteko, Bizkaiko Foru Aldundiak aurten 140.000 euroz lagundu duena. Programa horren bidez, Gizarte Ekintzako Sailak lanean jarraitzeko aukera eman gura die adimen-desgaitasuna izanik zahartze- edo narriatze-sintoma goiztiarrak agertu zaizkien edo beste arrazoiren bat dela-eta laguntza-behar handiagoak dituzten pertsonei, haiek lan-egoera aktiboan jarraitu nahi baldin badute. Kasu horietan, behar diren baldintzak eta laguntzak ziurtatzen zaizkie beren asmoa bete ahal izan dezaten. Une honetan, 800 pertsona eta 40 profesional inguruk hartzen dute parte proiektuan, Lantegi Batuakek dituen zentro okupazionaletako bostetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun