Antolatzaileek jakinarazi dutenez, akabuko egunean, uztailaren 14ko arrastian, campusean parte hartuko duten gimnasta denek erakustaldia eskainiko dute Fadurako kiroldegian bertan; sarrera doakoa izango da lekua bete arte. Hala, aurreko eredua aldatu dute horretan. Iazko edizioan, Durangoko Landako kiroldegian egin zuten erakustaldia, eta EITBk Interneten eskaini zuen horren emanaldia. Campusean parte hartuko duten gimnastak hainbat mailatan banatuko dituzte: eskolarteko mailakoek goizez bakarrik jardungo dute; oinarri-mailakoek, federatuek eta teknifikaziokoek jardunaldi bikoitza izango dute, eta kirolarientzako egoitzan geratzeko aukera ere izango dute.
Izen-ematea
Interesdunek daborduko inskripzioa bete dezakete, ekainaren 12ra arte; domeka horretan itxiko da izena emateko epea. Antolatzaileek 250 leku eskaini dituzte, eta eskaerak heltzen diren ordenan hartuko dituzte, denak bete arte. Prezioetan, oinarrizkoena 135 eurokoa da; eskolarteko mailako goizeko campusak uztailaren 14ko bazkaria ere barne hartzen du salneurri horretan. Bestalde, jardunaldi bikoitza egingo dutenek 250 euro ordaindu beharko dituzte, bazkariak barne. Azkenik, Faduran lo egiten dutenentzako prezioa 350 euro izango da. Denek istripu-asegurua izango dute. Inskripzioa egiteko diru-sarreraren egiaztagiria campus.euskalgym@gmail.com posta elektronikora bidal daiteke. Argibide gehiagorako, 688 854 887 telefonora dei daiteke lanegunetan, 10:00etatik 14:00etara.