Iaz bezala, haurrentzako aisiako azken ikastaroetan, ingelesez egingo da haurrakaz egunero ordubetez; eta haurrak zaintzeko zerbitzua egongo da jarduera-orduen ordu erdi bat lehenago eta geroago. Gainera, kirolen udal-erakundeak Kirolet@n ikastaroa antolatuko du Gobelan zein Faduran, 10 eta 14 urte arteko haurrentzat. Ikastaroaren bidez, nerabezaroan kirola praktikatzea bultzatu gura dute, eta, era horretan, kirol anitzeko jarduerak egingo dituzte.
Maiatzaren 11ra arte aurkeztu ahal izango da eskaera Faduran eta Gobelan herritarrak artatzeko dauden bulegoetan edo webgunearen bitartez. Izapidea online egiteko, NAN elektronikoa edo norberaren sarbide-gakoa beharko dira; azken hori kiroldegietako bulegoetan eskatu beharra dago, asteko edozein egunetan, 8:00etatik 21:30era bitartean. Online sarbide-gakoagaz, instalazioak erreserbatu ahal izateaz gainera, kirol-ikastaroetan altak eta bajak kudeatu ahal izango dira deialdi guztietan (udako ikastaroak eta denboraldiko ikastaroak).
Maiatzaren 13an zozketaren emaitza argitaratuko da webgunean eta Fadurako eta Gobelako informazio-tauletan. Plazak automatikoki esleituko dira, eta, eskaera dagoen bitartean, pertsona bakoitzak soilik ikastaro batean izena eman ahal izango du. Ondoren, plaza libreak geratuz gero, esleipen-sistemak prozedura errepikatuko du, eta pertsona bakoitzeko hiru ikastaro esleitu ahal izango dira. Maiatzaren 13tik 19ra, erreklamazioak, bajak eta ordutegi-aldaketak egiteko epea ezarriko da. Gero, eskaintza osatu arte dauden plazak eskainiko dira.
Getxo Kirolak erakundeak gogorarazi duenez, tenis, padel eta igeriketako Hasiera baino maila altuagoetan izena emateko beharrezkoa dela maila ziurtatzea izena emateko unean. Horretarako, interesdunek Kirol arloagaz harremanetan jarri eta maila egiaztatzeko proba egun batzuk lehenago egin beharko dute.
Liburuxka
Getxo Kirolak-ek ikastaroen programa bildu du liburuxka batean. Liburuxka behean dago ikusgai eta bertatik ere jaitsi daiteke. Halere, Fadurako eta Gobelako bulegoetan era jaso daiteke, paperean.