EHUko irakasle eta euskalkietan adituak berak sortu du sareko gunea. Urte askoan han eta hemen berak jasotako adibideak eta informazioa, egin diren ikerketak eta horien ondorioak denon begi-bistan daude: euskalkien ezaugarriak, jatorria, aurreko eta gaur egungo sailkapenak eta mapak, euskara batuaren gainekoak, atalez ataleko bibliografiak, eta euskalki desberdinetan berba egiten duten euskal hiztun ezagunen bideoak daude Interneteko gune horretan.
Berbaldiaren lehengo zatia entzuteko formatuan bakarrik duzue (azpiko loturan), argiztapen-arazoak direla-eta; bigarrena, ikus-entzunezkoan (HIRUKAk benetan eskertzen du Plentzia TBren laguntza, grabaziorako baliabideak uzteagatik).
Atari digitala martxan ipintzearen arrazoiak azaldu zituen hizkuntzalari eibartarrak berbaldiaren hasieran. Historian euskalkien gainean egindako ikerketa-lanak eta abarrak laburbildu ostean, euskalkiak erabiltzearen aldeko arrazoiak eta argudioak eman zizkien bertaratutako hainbat gazteri eta hamaika nagusiri; eta euskalkien inguruan dauden keriak, beldurrak eta lotsak baztertzeko bideak eta bultzatzeko zein erabiltzeko beharrak ikusarazi zituen. Amaiera aldera, berbaldiaren egun berean liburu bat amaitu berri zutela kontatu zuen Zuazok. Hori osatzen urte bi baino gehiago eman dute, eta bertan jaso dituzte 25 herritan jasotako hiru berbetaren nondik norakoak: Mungialdeko, Txorierriko eta Uribe Kostako berbetenak, hain zuzen ere. Dioenez, «niretako deskubrimendu bat izan da Uribe Kostako berbetie ezagutzie». Hizkuntzalariaren arabera, mendebaldekoa da gaur egungo bost euskalkietatik «berexixena», eta, jakinarazi duenez, horren barruan, besteak baino bereziagoak dira berbeta bi: Debagoienakoa eta Uribe Kostakoa. Ostera, «zuendako, edo hemengo jentearendako ez dirudi hain berezia danik, ze galtzen itzi dabe. Eta nik uste dot zerbait egin beharko litzatekeela hori errekuperatzeko, eta bizirik dagoena babesteko». Orduan, Aezkoako eta Altsasuko gazteen esperientziak akordura ekarri zituen, «ez dakite zelan egin, baina gogoa badeuke behintzat!». Hala bada, hortxe duzue Zuazok uribekostarrei ipinitako erronka: beste hainbat lekutan egin legez, bertoko euskalkia, "benetan berezixa dena", berreskuratzeko talde bat sortzeko prest ba ete da Uribe Kostan jenderik?