Getxoarteren programa orokorra 18 urtetik gorako artistei zuzenduta dago, merkataritza-ordezkaritza izan edo ez, Euskal Autonomia Erkidegokoak (EAE) zein kanpokoak. Hautatutako proposamenen %80 euskal artistenak izango dira, eta gainerako %20, Estatu espainiarrekoenak, udal iturriek azaldu dutenez. Azokan parte hartzeko oinarriak Getxoko kultur etxeetan eta Getxo.eus/eu/getxoarte webgunean daude.
Hautaketara banakako zein taldekako proiektuak aurkez daitezke; behin, proposamen denak bilduta, artearen munduko profesionalek osatutako epaimahaia arduratuko da hautaketaz. Hautatuen izenak ekainaren bigarren hamabostaldian jakinaraziko dira.
Lehenengo urratsak
Ekimen horren bitartez artea eta praktika garaikideak edozein adierazpenetan bultzatu, hedatu eta sustatu gura dira. Ez da soilik erakusketa-programa bat, helburua da "lehen urratsetan hautatutako artistak gidatzeko, laguntzeko eta aholkatzeko euskarri izatea", bere arduradunek esan dutenez. Horretarako, dosierra prestatu eta aurkezten den unetik aurrera, proiektua hautatu, ekoitzi eta erakusketan jarri bitartean, artistek akonpainamendu-prozesuan parte hartuko dute.
Horregaz guztiagaz ikaskuntza-prozesua sustatu gura du Getxoartek. "Aretoan artistek beren piezak baldintza profesionaletan erakutsiko dituzte, sortze-prozesuaren inguruko hausnarketa egingo dute eta bitartekaritza-bideak eta agenteak ezagutu eta publikoagaz harremanetan jartzeko aukera izango dute", azaldu dutenez.