Liga amaitzeko partida bi falta zitzaizkionean lortu zuen lehenengo mailarako hiru txarteletako bat New Team saskibaloi-taldeak. Partida bat beranduago, pasa den zapatuan, Getxoko Andra Mari ikastetxean jokatzen duten emakumezkoek baieztatu zuten liga ere irabaziko dutela, eta ez zuten galdu ospatzeko aukera.
Jokalari taldea "oso harro" dago lortutakoagaz: jokatutako 13 partidetatik ia denetan nagusitu dira, bakar batean huts egin baitzuten. Berrio-Otxoako santutxuarrek 46-43 estu batengatik lortu zuten garaipena euren etxean lotzea. Hala ere, ilusio eta poz handiena eman die "hainbat zailtasunen aurrean" liga irabazi izanak. "Azkenean lortu dugu hainbeste denbora pasatuta eta guk bakarrik, lan eginez, laguntza barik", Itxaso Fernandez de Mendiola jokalariak dioenez. Taldea sortu zutenetik zortzi urte pasa dira, eta hasieratik bidaiak, kamisetak, fitxak, epailetzak, aseguruak eta gastu denak euren poltsikoetatik atera dira, "Udaletik euro bat ere" ez dute jaso: "laguntza eskatu eta ezezkoa jaso dugu", kexatu da hegalekoa.
"Orain dela zortzi urte joan ginen udaletxera. Gura genuen talde bat egin gure artean, eta haiek aukera eman ziguten Getxo taldekoak izateko. Baina guk gura genuen gure taldea osatzea. Getxoko taldekoak egitekotan gure fitxak eurek mugitu zitzaketelako hainbat taldetan. Guk hori ez genuen gura. Hori izan zen Udalak eman zigun aukera bakarra". Diruaz aparte, Getxo markatik kanpo egoteak entrenatzean kalte egin diela diote, Getxo Kirolak erakundeak kantxa-ordutegiak banatzeko "lagunarteko futbol partiden atzetik jarri gaituelako". Derbia domekan jokatuko da, 12:00etan, Faduran, "gure ametsetako kantxan".