Liburuak kalera aterako dituzte Algortan

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 21a, 13:20

Getxoko Liburu Azoka, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA.

Liburuen mundua kaleratu gura du aurten ere Getxoko Liburu Azokak. Aurtengoa 19. ekitaldia izango da, eta gaurtik domekara bitartean, udal-liburutegien ekimenez, bisitariek azken literatura nobedadeak eskuratu ahal izango dituzte azokako zortzi etxoletan, Algortako Telletxe plazan.

Aurten, Liburuaren Azokaren ardatz nagusia gastronomia izango da; hala, horri lotutako hainbat ekintza egingo dituzte. Horrez gainera, aurrekoetan legez, azokan egindako erosketa guztiek % 10eko deskontua izango dute.

Azoka hilaren 21etik 24ra egongo da zabalik, honako ordutegietan: eguenean, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; barikuan, 11:00etatik 14:00etara; zapatuan, 10:00etatik 14:30era, eta 17:00etatik 21:00etara; eta domekan, 11:00etatik 14:30era.

Erakusketa bat, jolasak, jolas erraldoiak, eskulanetarako tailerrak eta ludoteka ere egongo dira eskaintzen artean. Horiei gehitu behar zaizkie, besteak beste, ikasle getxoztarrek egingo duten jendaurreko irakurketa, egileen sinadura-txandak, berbaldi literarioa, liburu-aurkezpenak eta ipuin-kontaketa bat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun