Ehun bat pertsonak parte hartu du Kultura arteko Hiriei buruzko jardunaldian

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 21a, 16:30

Eladio Fernandez-Galiano Europako Kontseiluko ordezkaria eta Elena Coria zinegotzia. © GETXOKO UDALA.

Guztira, ehun pertsona inguruk parte hartu zuten atzo, eguaztenean, Getxoko Udalak antolatutako "Kultura arteko hiria eraikitzen: erronkak, aurrerakuntzak eta egiteko daudenak" jardunaldian. Aurreko egunean RECI sarea osatzen duten estatuko 16 hirien arteko topaketa teknikoa izan zen. Udal arduradunek diotenez, ikuspegi politikoetatik, akademikoetatik, erakundeetatik eta elkarteetatik gobernu politiketarako hausnarketarako aukera eskaini dute bi hitzorduek.

Elena Coria Immigrazioko Unitateko zinegotziak hasiera eman zion jardunaldiari eta udalerrian kultura artekotasunaren eta aniztasunaren alde egindako bidea eta jardunaldiaren garrantzia deskribatu zituen, "kultura arteko estrategiak diseinatze aldera hausnarketarako gunea izateagatik". Bestalde, Eladio Fernandez-Galianok, Europako Kontseiluko ordezkariak, nabarmendu zuen aniztasuna kontuan hartuta herritar guztientzako hiriak eraikitzen badira, denok irabaziko dugula, eta ildo horretan, gehitu zuen "RECI, Kultura arteko Hirien Sarea oinarrizko proiektua dela Europaren eraikuntzarako". Sare horren zuzendariak, Dani de Torresek, azpimarratu zuen "oraindik buru-paradigma aldaketa gertatu behar dela gizarteak benetan anitzak izatera heltzeko".

Jardunaldi osoan zehar hainbat mahai-inguru izan ziren, eta horietan, konpromiso politikoez eta kontuan hartu beharreko errealitate desberdinei buruz eztabaidatu zuten parte hartzaileek, Getxoko atzerriko jatorriko biztanleen integrazioaren Pertzepzio-Diagnostikoaren eta Kultur Arteko Hiriaren adierazleen aurkezpenak egiteaz gain.

Beste interbentzioen artean, Gorka Urtaran Gasteizeko alkateak nabarmendu zuen hiri modernoak hiri anitzak direla zentzu guztietan (arraza, erlijioa, generoa…), eta horregatik Gasteiz lan egiten ari dela RECIn sartzeko; Xabier Paya getxoztar eta Donostia 2016 Fundazioko zuzendari kulturalak adierazi zuen horren apustua eraldaketa sozialaren eta bizikidetzaren aldekoa dela. Ricard Zapata, Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak, gainera, esan zuen lehentasuna duela kultur aniztasunaren eta gazteen alde lan egiteak.

Ildo horretan, heziketa oinarrizkoa dela aukeren berdintasuna bermatzeko azpimarratu zen mahai-inguruetan, eta baita herritartasun osoa (eskubide guztiakaz, arraza, egoera administratiboa, errenta maila eta abar edozein izanda ere) lortzeko beharra eta aniztasuna gizarteentzako onura dela ere, hori ahalmenen baturatzat jo behar delako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun