Aurreko urteetan bezala, deialdi bakarrean bateratu dira kirolari eskainitako laguntza guztiak. Horretarako, zazpi diru-laguntza lerro ezarri dira: udalerri mailako kirol-eskolak, oinarrizko kirola sustatzeko Getxo Kirolak-egaz hitzarmena sinatuta dutenak (223.000 euro); denboraldiko lehiaketetan parte hartzen duten klubak eta banakako probetan parte hartzen duten kirolariak (457.000); fase finaletan parte hartzeagatik sortutakoak (48.000); udalerrian kirol-gertaerak antolatzeko (265.000); herri-kirol tradizionaletarako (82.000); arrisku-kirola eta abenturazkoa (10.000); eta jaietan kirol-jarduerak antolatzeko (11.000).
Diru-laguntza horiek guztiak emateko hainbat balorazio-irizpide hartuko du kontuan Getxoko Udalaren kirol-erakundeak; besteak beste, "azpimarratzekoak dira emakumeen kirolaren sustapena, desgaitasunen bat duten pertsonentzako jarduerak antolatzea eta kluben inplikazioa udalerriko kirol-politikan, eskola-kiroleko programen bitartez", udal arduradunek azaldu dutenez.
Interesa duten klubek eta pertsonek, Getxo Kirolak-en webgunean kontsulta ditzakete deialdiaren oinarriak eta eskabideak aurkezteko epeak.