Hartara, 2010etik dauden puntuei, Itzubaltzeta-Areetakoa (Xake plaza) eta Algortakoak (Telletxe plaza, Bidezabal eta Iturgitxi parkea), honako hauek gehitu zaizkie: Gobelaurre parkea, Itzubaltzeta/Romon; Gernika parkea, Negurin; Salsidu-Ollarretxe, Algortan; eta Andra Mariko kiroldegian.
Utz daitezkeen hondakinak
Puntu Garbi Mugikorrean –behar bezala identifikatu eta egokitutako ibilgailua- utzi daitezkeen hondakinak era askotakoak dira: olioak, pintura, laka eta bernizak, izotz-kontrakoak, disolbatzaileak, hidrokarburo hondakinak, iraungitako sendagaiak, hodi fluoreszente eta lanparak, pilak, hondakin elektronikoak, toner/tinta-kartutxoak eta CDak, besteak beste; eta horiez gainera, birziklatu daitezkeen tamaina ertaineko beste hondakin batzuk ere (elektratresna txikiak, txatarra...).
Ingurumen eta giza helburuak
Puntu Garbi Mugikorraren helburua da era horretako hondakinak batu, biltzerakoan sailkatu eta baimendutako gestiogileen instalazioetara eramatea, ondoren tratatu eta birziklatzeko. Modu horretan ez da kutsatzailerik isurtzen hondakin solidoen bilketako sisteman. "Herritar getxoztarrei aukera eman nahi diegu produktu sorta guzti hori errazago birziklatzeko, eta udalerrian birziklatzea gero eta errazago izan dadin nahi dugu. Puntu Garbi Mugikorrarekin urrats bat gehiago egin dugu Udalak eta Ingurumen Arloak birziklatzearen alde abiatutako estrategian; baita iraunkortasunaren alde ere, Garbigune mugikorra auzo desberdinetara hurbilduta", adierazi du Jose Luis Landa Ingurumen zinegotziak. Puntu garbiagaz bilketako zerbitzuak bateratzen dira –hondakin kopuru handia pilatzean-, eta ondorioz kostuak jaisten dira.
Zerbitzua emateak, gainera, dimentsio soziala ere badauka, laneratzeko enpresei zuzendutako programaren barruan egiten baita, Udalak bultzatuta. "Emaus Servicios Medioambientales laneratzeko enpresa arduratzen da, eta horri esker udalerriko bi langabeturi lana ematen zaie, bi urteko gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideari ekin diezaioten".
Ordutegia
Puntu garbia eguaztenetan dabil, 18:00etatik 21:00etara, Gobelaurre parkean; eguenetan, 10:00etatik 14:00etara, Salsidu-Ollarretxen, eta 18:00etatik 21:00etara, Gernika parkean; barikuetan, 10:00etatik 14:00etara, Andra Mari kiroldegian, eta 18:00etatik 21:00etara, Itzubaltzeta-Areetako Xake plazan; zapatuetan, 10:00etatik 14:00etara, Algortako Telletxe plazan, eta 18:00etatik 21:00etara, Bidezabalgo anbulatorioaren ondoan; eta domeketan, 10:00etatik 14:00tara, Iturgitxi-Basarraten.
Azkenik, Udalak hozkailuan ipintzeko 5.000 iman ale banatuko dituzte etxez etxe datozen egunetan puntu garbia kokatzen den gune berrietan, garbigune mugikorraren ordutegiari eta bertan utzi daitezkeen hondakinei buruzko informazioa jasotzen dutenak.