Maiatzaren 1era arte egingo da Malagako Zinema Jaialdia, eta bertan ikusiko du argia Koldo Serraren "Gernika" pelikulak. Film luzeen sail ofizialean lehiatuko da beste 14 lanegaz batera; berbarako, Ander Duque zinemagile bilbotarraren "Zoe" filmagaz, eta Isaki Lacuesta eta Isa Camporen "La propera pell" lanagaz. Horrez gainera, Helena Taberna zinemagile nafarraren "Acantilado" drama ikusteko aukera egongo da lehiaketatik kanpo.
Condor legio alemaniarrak eta Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek 1937ko apirilaren 26an egindako bonbardaketan girotutako drama erromantikoa da "Gernika" filma. Maria Valverde da zinemagile getxoztarraren laneko pertsonaia nagusia, eta beragaz batera pantailan ikusiko ditugu aktore ezagunak: Barbara Goenaga, James D´Arcy, Jack Davenport, Ingrid Garcia-Jonsson, Burn Gorman, Irene Escolar eta beste hainbat. Gidoilari ibili dira, berriz, Barney Cohen eta Carlos Clavijo.
Grabazio-lanak
Filma 2015eko udan grabatu zuten Artziniega, Barakaldo eta Bilbon. Bonbardaketa, aldiz, Lekeition grabatu zuten, Santo Domingo, Arranegi eta Ezpeleta kaleetan. Lekeitiok garai hartako Gernikagaz daukan antzekotasunagatik jo zuten bertara.
Erasoan lan egin zuten kazetari biren arteko harremana azalduko du Euskal Herrian egindako urteko produkzio handienetako horrek. Teresa (Maria Valverde) Errepublikako gobernuarentzat lan egiten duen zentsuratzailea da, eta ez da bat etorriko Henry (James D’Arcy) berriemaile estatubatuarragaz. Produkzio-lan neketsua izan du filmak: hamabi bat aktore nagusi eta horiei batutako figurante asko, 60 laguneko talde teknikoa eta sei milioi euroko aurrekontua. Banatzailea Sony Pictures da.