Getxoko PPk aurrekontuen aurrean osoko zuzenketa eta 10 partzial aurkeztuko ditu

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 26a, 16:10

Eduardo Andrade, PPko zinegotzia Getxon.

Apirilaren 27ko osoko bilkuran onartuko ditu Getxoko Udalak gobernu-taldearen eta EH Bilduren artean adostutako 2016rako aurrekontuak. Horren aurrean, PPk iragarri du osoko zuzenketa eta 10 partzial aurkeztuko dituela, 4.475.000 euro hartuko dituena.

EAJ, PSE-EE eta EH Bilduk adostutako aurrekontuei aurre egiteko osoko zuzenketa eta 10 zuzenketa aurkeztu ditu gaur Getxoko PPk. Azaldu dutenez, proposamenen artean daude: "udal gardentasuna areagotzea, udal diruagaz 'jolasteko' ahalmena murriztea alkateari eta herritarren parte-hartzea areagotzeko bideak sortzea, eurak izan daitezen erabakitzen dutenak non gastatu behar den diru publikoa".

Eduardo Andrade popularraren berbetan, "2016ko aurrekontuak bide okerra hartu du. Ohiko gastuak eta pertsonal gastuak kontrolatu beharrean, EAJ-PSE-EH Bildu paktuak dirua xahutzearen bide erraza hartu du. Herritarrak eta eurak dituzten beharrizanak ahaztu dituzte".

Popularrek nabarmendu gura izan dute gizarte ekintzaren alorrera 1,2 milioi euro bideratzeko zuzenketa aurkeztuko dutela bihar. Partida horretan, besteak beste, honako puntuak sartu dituzte: etxez etxe janaria eramateko zerbitzua, familia arteko elkargunea, Algortako ludoteka, ikasketarako bekak, gizarte laguntzak ikertzeko zerbitzua sortzea, Itzubaltzeta/Romon haur-eskola sortzea eta zeliakoren bat duten etxebizitzen glutenik gabeko produktuak lortzeko laguntzak ematea.

Udalerriko nagusien garrantzia nabarmendu dute baita ere popularrek, "gobernu-taldearen kontra, guk ez ditugu ahaztu gure nagusiak. Hori dela eta, Itzubaltzeta/Romoko etxebizitza babestuak konpontzea eta Nagusien Etxea non jarri gura duten erabakitzeko prozesu parte-hartzailea zabaldu gura dugu".

Horretarako, popularrek aurrekontuetako 250.000 euro bideratu gura dituzte Algortako Urgull kaleko BBKren lokala erosteko. "Hala, Udalak ezin izango du esan ez dagoela dirurik gure nagusiek behar duten lokala izan dezaten", ohartarazi du Iñaki Gamero bozeramaile popularrak.

Obra publikoan inbertitzeko 1,5 milioi euro

Horrez guztiaz gainera, popularrek 1,5 milioi euro erabili gura dituzte udalerriko hainbat proiektutarako, hala nola Arrigunaga hondartzara jeisteko aldapa konpontzeko, Gernika eta Malakate parkeetan bizikletak aparkatzeko gunea ezartzea, herri-autobusen linea berria jartzea martxan, komun publikoak jartzea, lurpeko pasonibeletan segurtasuna areagotzea eta Areetako Xake plaza urbanizatzea.

Halaber, Algortan eta Areetan aparkaleku bana egiteko 500.000 euro eta beste 825.000 euro ekintzaileak laguntzeko bideratzea proposatuko dute.

PPk proposatutako bestelako proiektuak

Era berean, popularrek 200.000 euro baino gehiago inbertitu gura dituzte honako proiektuetan: Portu Zaharreko lautadan, Neguriko kantina, Andra Mariko igerilekua, Areetako Xake plaza, Itzubaltzeta/Romoko Nagusien Etxea eta TAO-aren zabaltzea hainbat gunetan. Horregaz batera, 350.000 euro erabili gura dituzte Zubillera inguruan ur-parkea egiteko.

Gobernu-taldeak eta EH Bilduk adostutako aurrekontuen inbertsioak

Gizarte politikak eta etxebizitzakoak

  • Etxebizitza politikara lotutako partidak, bai inbertsiorako partidak, bai etxebizitzara sarbidea izateari lotutako diru-laguntzak.
  • Udal hiri lurzoruetan babestutako etxebizitzak sustatzea.
  • Gazteentzako alokairua laguntzeko programa bat martxan jartzea.
  • Etxebizitza hutsen egoerari buruzko diagnostiko bat egitea.
  • Pertsona nagusiei arreta eskaintzea, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren bitartez eta tutoretzapeko pisuetan. Funtsean, pertsonengan eta haien bizilekuetan zentratutako zerbitzuak indartzea.
  • Gizarte Zerbitzuen Lege berriaren mailakako hedapenaren ondorioz, prestazio eta zerbitzuen hedapena osatzea, gizarte kohesioko lanarekin jarraituz.
  • Pertsona nagusien elkarte getxoztarrei laguntzea.
  • Egoera zailean dauden familiei laguntzea, esaterako pobrezia energetikoaren kontrako borrokan.
  • Eskola materiala erosteko diru-laguntzak.
  • Garapenerako lankidetzarako % 0,7 bermatzea (nazioarteko elkartasuna).

Kalitatezko oinarrizko zerbitzuak       

  • Portu Zaharrean elementu mekanikoen bitartez irisgarritasuna hobetzeko proiektua egitea.
  • Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plan berri bat egitea, herritarren parte-hartzeagaz.
  • Hiri hondakin solidoen kasuan Jatorrian Gaika Biltzeko Sistema berria ezartzen jarraitzea.
  • Ur-sarean eta argiztapen publikoan eraginkortasuna hobetzea.
  • Espaloietan eta oinezkoen eremuetan irisgarritasuna hobetzen laguntzea, baita galtzaden mantentzerako kanpaina bat egitea ere.
  • Udaltzaingoen parke mugikorra berritzeko prozesuagaz jarraitzea, ibilgailu eta motor berriak erosiz.

Parte hartzearen eta gardentasunaren aldeko apustua

  • Aurrekontuko destinoetan herritarren parte-hartze prozesuak bultzatzea.
  • Aurrekontu honetan bertan zenbait ekintza edo programa lehenesteari lotutako parte-hartze prozesua nabarmendu gura dute; guztira 270.000 euroko zuzkidura dauka.
  • Aurreko ekitaldietan arrakastaz finkatutako ekintzei eutsiko zaie, esaterako Auzoz auzo, eta Gobernu Irekiaren plan arautzailean jasotakoak.

Modernizazioa: proiektu estrategikoak eta udal ondarearen kudeaketa

  • Udal Lurzoruaren Ondarerako baliabide ekonomikoak areagotzea.
  • Getxo Antzokia eta Musika Eskola eraikinen ekipamenduagaz jarraitzea.
  • Romo Kultur Etxea eta bertako ekipamenduari lotutako lanak amaitzea.
  • Begoñako galeriak balioan jartzeko II. Hirurteko Plana betearazten hastea.

Getxo gozatu

  • Kulturaren Plan Estrategikoaren garapenari bultzada ematea, kultura eta sorkuntza eragileakaz elkarlanean.
  • Getxoko Kultur Etxearen eta Andres Isasi Musika Eskolaren arteko elkarlana sustatzea.
  • Kulturaren arloko entitate eta elkarteei laguntza gehiago ematea, baita auzoetako jai batzordeei ere.
  • Euskara sustatzeko eta normalizatzeko herrian lan egiten duten elkarteen sarea babesteko eta elkarlanean aritzeko apustua.
  • Herriko kirol entitate eta klubei laguntza gehiago ematea kasuan kasuko jarduna garatzeko.
  • Hobekuntza inbertsioak kirol instalazioetan (piraguismoa eta Getxo Arraun).
  • Bolue III aldi baterako estaltzea, Fadurako aire zabaleko igerilekuetan espazio berriak prestatzeko, Gobela ibaian uholdeen aurkako lanen ondorioz espazio berdeen galera konpentsatzeko.
  • Oinarrizko kirola, kirol jarduerak eta ariketa fisikoa babestea, adin guztietarako.
  • Getxo Kirolakeko instalazioen mantentze-lanetarako inbertsioak.

Ekonomiaren sustapena

  • Benturillenako enpresa mintegi berria martxan jartzea.
  • Enpresen arteko lankidetza programak sustatzea eta areagotzea (GetxokoKrea, GetxoAktibatu..).
  • Getxon jarduera ekonomikoa sustatzeko diru-laguntzak bultzatzea, lankidetzan egingo diren proiektu ekonomikoak bereziki sustatuz.
  • Udalerriko saltoki eta ostalaritza laguntzea (aholkularitza, prestakuntza eta lankidetza publiko-pribatua).
  • Hutsik dauden etxabeen jabeakaz bitartekaritza lana egitea.
  • Getxok iraunkortasun ekonomiko eta sozialari emandako laguntzaren balioa agerraraztea, erosketa iraunkorra erraztu eta sustatzera bideratutako programekin, horretarako mekanismoak eta egitasmoak gaituz.
  • Jardun Ekonomikoari Bultzada emateko Planaren IV. fasea garatzea: Esparru Estrategikoak Getxon 2020.
  • Turismo-seinaleak hobetzea eta informazio birtuala ezartzea hainbat turismo-zerbitzutan.
  • Turismo-sektorearen lehiakortasuna bultzatzea Euskadi Gastronomika programa finkatuz.

Zorroztasun ekonomikoa eta eraginkortasuna kudeaketan

  • Zorraren finantza kostua nabarmen gutxitzea.
  • Sailak: Kontu hartzailetza, Diruzaintza, Kontratazioa, Langileak, Kalitatea, Hirigintza Diziplina, Administrazio Orokorra eta gobernu organoak.
  • Zorraren amortizazioa, aurreikusitako amortizazio plana jarraituz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun