"Perimetroak" bekaren bitartez, arte, kirola eta generoari buruzko ikerlanak sustatu gura dituzte; "espresuki sortu da agerian uzteko kirolean genero-identitateei eta gatazkei lotutako praktika, adierazpen eta ikuspuntu denak", adierazi dute Getxoarteren arduradunek.
"Sinergika" bekari dagokionez, artisten lana hedatzea du xedea, arte plastiko eta ikus-arteen garapena adierazpen denak bultzatuta. Horiekaz batera, hiri-ingurua dinamizatu gura dute eta, horretarako, saltokiek parte-hartze aktiboa izango dute: sorkuntza artistikoa sustatuko da kalean, herritar denak animatzeko, arteaz hurbiltasunez eta egunerokotasunez goza dezaten.
Udaleko zenbait arlok garatu dituzte beka horiek biak, Getxoartek proposatzen duen sinergiari jarraituta. Honako hauek izan dira parte hartu duten arloak: Getxo Kirolak, udaleko Berdintasun zerbitzua, Getxolan eta Getxoko Kultur Etxea. Interesdunek bekei buruzko informazioa eskura dezakete Algortako kultur etxean zein www.getxo.eus/getxoarte web loturan. Izena emateko epea maiatzaren 14an itxiko da.
Getxoarte 2016
Aurten eskaintza bizia izango da Getxoarten hiru egunez, lau programatan banatuta. Programa Orokorrak ordezkaritza komertziala ez duten artisten 30 diziplina-anitzeko proposamen hartuko ditu, banakakoak zein taldekakoak. Programa Hezigarriaren eskutik, berriz, artistek zein bisitariek hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera edukiko dute; esaterako, berbaldiak, bisita gidatuak eta tailerrak. Bestalde, Programa Kuratorialaren bitartez, artearen mundua eta horregaz zerikusia ez duten beste arlo batzuk landuko dira. Azkenik, Programa Zabalduak beste azoka eta aretoen komisarioak ekarriko ditu Getxoartera eta bere esperientziak eta ikuspegi profesionala jarriko dute artisten zein publikoaren zerbitzura.
Aipatzekoa da aurten lehenengo aldiz egingo den Programa Eszenikoa¸artea eta arte-eszenikoak lotzeko asmoa duena. Azkenik, artista gonbidatua ez da faltako Getxoarte 2016an. Oraingo honetan Usoa Fullaondo sortzaile getxoztarra aukeratu dute aretoaren programa denetan parte hartzeko.