Fredi Paia ez da aurkeztuko Bizkaiko Bertsolari Txapelketara

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 4a, 17:35

Fredi Paia artxiboko irudian.

Fredi Paia Ruiz gaur egungo Bizkaiko bertsolari txapeldunak ez du asmorik aurten txapelagatik berriro lehiatzeko. "Aizu!" aldizkariari aitortu dionez, "ez naiz aurkeztuko txapelketara. Hilabeteak daramatzat nahiko gogoeta sakona egiten, eta ez aurkeztea erabaki dut".

Algortarrak arrazoi nagusi bi eman ditu Bizkaiko bertso-dema arautuan ez parte hartzeko: "alde batetik, egoak ez didalako eskatzen bigarren txapelik. Lehen eskatzen zidan gutxienez bat lortzea, eta txapela titulua, lizentziatura, balitz bezala hartu nuen. Ez leukake zentzurik berriro matrikulatzeak dagoeneko egina dudan karrera batean". Beste aldetik, kexu da Paia txapelketa eta plazaren arteko distantziagatik: "bertsolaritzak absortzio gaitasun urria du, pantaila bakarreko bideo-jokoa da, txapelketa irabazi eta ezer ere ez da kualitatiboki aldatzen. Azken txapelketarako sekulako lana hartu nuen, bi erronka nituen batez ere. Batetik, gai serioei umorez erantzuteko tonua bilatzea, iruditzen zaidalako dramaren abusu izugarria dagoela txapelketetan; bestetik, gai existentzialak lantzea, aldatzearren, azken urteotan, batez ere Bizkaiko txapelketetan, irabazleak beti abestu diolako gai berberari, politikoari. Egundoko lana hartu nuen prestaketan, eta ordutik hirutan baino ez naute jarri bakarka bertsotan! Iaz egin nituen 217 saioetatik, hirutan eduki dut aukera prestaketan egindako lana erakusteko... ez du zentzurik! Hurrengo txapelketari begira, zer berri eskaini? Berdin da, finalean amaituko da dena! Bertsolaritza kirol dinamikatik eraikitako kultur mugimendua da, ez dago absortzio gaitasunik, egiturak ez du aukerarik ematen".

Txapelketan lehiatu ez arren, txapeldunak argi utzi du ez duela bertsolaritza utziko. Gainera, bertsolaritzaren zirkuituari buruz lantzen dabilen gogoeta baten berri eman du, "Txiki Warhol" izenburukoa. Bertan, Andy Warhol artista estatubatuarrak The Factory estudioa sortzeko burutu izan zituen "oso hausnarketa interesgarriak" hartu ditu kontuan, "adibidez, zer gertatzen den sortzaile plastikoak arte galerien zirkuitu irreflexiboetan sartzen direnean". Paiaren aburuz, "bertsolaritza, kirola legez, zirkuitu irreflexiboa da batez ere. Ez dut ukatzen zirkuitu irreflexibo hori egon behar denik, baina beste pantaila bat sortu behar dugu, eta beste pantaila hori sortzeko ardura eduki beharko genuke, beste batzuen artean, txapela jaso dugun jendeak, atzetik eskarmentua duenak. Bertsolaritzaren logika erreflexibotik abiatuta, adibidez, Uribe Kostako euskara landu nuenean txapelketan erabiltzeko, askoz ere gehiago probestuko nuen lan hura eskualdeko herri bakoitzean berariazko bertso saio bat eginda, euskalkia balioesteko helburua hartuta, zirkuitu irreflexiboan arituta baino".

Elkarrizketan, bertsolari algortarrak luze eta zabal berba egin du bertsolaritzaz, kulturgintzaz, "Shane MacGowanen gibela" ikuskizunaz, eta hainbat kontuz. Osorik irakur daiteke hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun