Getxoko Udalak 6.000 euroko diru-laguntza onartu du Jordanian dauden errefuxiatuentzat

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 5a, 18:00

Errefuxiatuak. GEORGI LICOVSKI - ARGIA.EUS

Getxoko Udalak 6.000 euroko larrialdiko diru-laguntza emango dio Unicef GGKEari, Jordaniako Za'atari errefuxiatuen kanpamentuetara bideratzeko. Bertan, Siriako gatazkatik ihesi dauden gizon-emakumeak daude. Laguntzon helburua da ura eta saneamendua hobetzea kanpamentuetan, gaixotasunak prebenitze aldera.

Horretarako, ur edangarria gordetzeko instalazioak jarri eta egoera onean mantenduko dira; higienerako kitak banatuko dira; eta ura egoera onean mantentzearen eta higienearen garrantziaz kontzientziatzeko jarduerak sustatuko dira, 8.950 pertsonei zuzenduta.

Udal iturriek gogoratu dutenez, Siriako gatazka 2011ko martxoan hasi zen eta horrez geroztik 18 milioi pertsona kaltetuta geratu dira. 13,5 milioi lagunek laguntza humanitarioa behar dute; 6,5 milioi pertsona bizilekuz aldatu behar izan dira herrialdearen barruan, eta 2015ean, 1,5 milioi pertsona bizitokiz aldatu behar izan ziren. Hain zuzen ere, krisia hasi zenetik, 633.000 siriarrek Jordaniako muga gurutzatu dute, indarkeriatik ihes egiten, erdia baino gehiago umeak izanik.

Za'atari kanpamentua 2012ko uztailean zabaldu zuten eta ordutik hona 500.000 pertsona errefuxiatu igorri dira bertatik. Gaur egun 80.000 daude eta, horietatik, %20 5 urtetik beherakoak dira. Eremu honek eguneroko laguntza ematen die errefuxiatuei, hau da, ostatua, 35 litro ur, 2.100 kcal janarian pertsona bakoitzeko eta baita heziketa eta osasun zerbitzuak ere.

Etxebizitza bi

Getxoko Udala errefuxiatuak hartzeko beharrezkoak diren jarduerak elkarlanean bideratzeko batzordeko kidea da, Eudel bitartez, Eusko Jaurlaritzagaz eta Foru Aldundiakaz batera. Era berean, Eudelek Batzorde Sozialean hartzen du parte; horretan, erakundeen eta harreraz arduratzen diren giza entitateen arteko lana koordinatzen da. Hala, Udalak etxebizitza bi gorde ditu, errefuxiatuei ostatua emateko, baina momentuz ez da inor heldu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun