Barikuko kontzertuan Ken Zazpik bere zortzigarren diskoaren kantak ekarriko ditu Getxora. "Phoenicoperus" lanean, Gernikako seikoteak sinbologia berritzaileaz baliatu da pop-rocka eta psikodelia uztartzen dituen bere unibertso musikal berezia sortzeko. Orain dela bi urte eta erdi Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz eginiko elkarlanaren ostean, Ken Zazpik esperimentazio eta doinu elektronikoen aldeko apustua egin du, ohiko hitz sozialak eta politikoak baztertu barik.
Zapatuan, bertoko hiru talde jardungo dira "Getxoko doinuak. Lehendik gaur arte" izeneko saioan. Horretan, Getxon eginiko askotariko musika erakutsiko dute. Guda Dantza seikote gazteak emango dio hasiera kontzertuari hainbat estilo uztartzen dituen bere musikagaz; berbarako, ska, reggae, soula, funka edota ska-rock. Iaz, talde getxoztarrak bere bigarren lana kaleratu zuen: "Labarren Ertzean", hain zuzen ere.
Ondoren, Rubia jardungo da, Sara Iñiguez buru duen taldea, alegia. Hiru disko grabatu dituzte; horietako azkena "Barman" da. Euren musikan 60ko hamarkadako soinuak, soularen eraginak, countrya eta emakumezkoen egile-kanta nahasten dira. Azkenik, El Inquilino Comunistak biribilduko du zapatuko saioa. Indie-rock musikaren erreferentzia, taldea Getxo Sound delako mugimenduaren aitzindaria izan zen eta 25 urteko ibilbidea du agertokien gainean.