Espainiako Auzitegi Nazionalak 15 urteko espetxe zigorra ezarri zion 2005ean Endika Lejarzegi algortarrari. Akusazioa DNA ustezko aztarnetan oinarritu zen bakarrik. Algortarrari leporatzen dizkioten gertakariak 2000ko ekainaren 24an Agurainen (Araba) jazo ziren, ezezagun batzuek banketxe batzuen kutxa automatikoen kontra egun horretan egindako erasoak, hain zuzen. Ertzaintzak lau urte beranduago esan zuen Endikaren DNA aztarnak zituen arroparen bat topatu zutela gertakarien inguruan, eta horretan bakarrik oinarritu zen 2005eko epaiketa guztia. Lejarzegi izan zen akusatu bakarra epaiketan.