"Jarri txertoa kultura zientifikoaren alde"; hori da 2015eko CAF-Elhuyar sarien leloa. Hain zuzen ere, horixe da sariketaren helburua: kultura zientifikoaren alde egitea, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzen dituzten dibulgatzaile, ikertzaile eta sortzaileen lana aitortuz eta sarituz.
Aurten, Kepa Altonaga Sustatxa zoologo eta idazleak jasoko du Merezimendu Saria. Altonaga lehen ere hiru aldiz izan da saritua Caf-Elhuyar sarietan; baina, oraingoan, ibilbide osoan zientziaren dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egin duen lan oparoarengatik jasoko du aitortza.