Pieza batzuk prestatu dituzte kanpaina gauzatzeko, txanponaren bi aldeak erakusten dituztenak: kaka jaso gabe uzten duen jabea eta oinetakoen azpian itsatsita daraman hiritarra. Horrela, kausa-ondorio efektuaren bidez, hiritarrari erakutsi gura diote norbaitek gizalegez jokatzen ez duenean bere ekintzek gainontzeko hiritarrengan ondorioak izaten dituztela.
Jose Luis Landa Ingurumen Arloko zinegotziak azaldu duenez, txakurren kakak arazo bihurtzen ari dira, "azken urteetan txakurren errolda asko hazi da, 2009tik eta aurtengo apirilera arte 4.700 alta berri baino gehiago jaso dira erroldan. Jabe gehientsuenek txakurraren kaka batzen dute, baina oso gutxik ez dute egiten. Eta kanpaina bideratuta dago, hain zuzen ere, gizalegearen kontra beren txakurren kakak batzen ez dituzten pertsonak kontzientziatu, sentsibilizatu eta behartzera".
Mezuaren ikusgarritasuna indartu guran, 200 kartel jarriko dituzte parke eta lorategietako zuhaitzetan eta beste 200 binilo lurzoruan, oinezkoentzako gune, mugimendu handiko kale eta pasealekuetan, baita udalerrian zehar dauden pilak eta bateriak jasotzeko 19 edukiontzietan ere. Informaziorako Gertu Puntuak ere erabiliko dira, eta era berean, txakurra duten 8.500 jabeei eskutitza igorriko zaie kanpainaren berri emanez, beste ekintza batzuen artean.
Zigorra, 600 euro artekoa
Kanpainaren bestelako helburua da hiritarrei eskatzea kontzientzia izan dezaten eta mezua erabat zabaltzea: txakurren kaka ez jasotzean izan ditzakeen ondorioei buruzkoa, berbarako, 600 euro arteko zigorra jaso daitekeela, indarrean dagoen araudiak ezartzen duenaren arabera.
Kanpainan zehar, beste gai batzuez ere informatuko da, hala nola arriskutsuak ez diren txakurren aisialdirako Udalak egokitutako eremuei buruz, uhalik gabe eta ordu jakin batzuetan ibili ahal izateko, jabeen zaintzapean.
Kanpainagaz batera, Udalak kontrolak gehituko ditu arriskutsuak izan ahal diren txakurrei buruzko araudia bermatzeko. Ingurumen Arloak, azkenik, hiritar getxoztar guztien eskura jarri du helbide elektroniko bat (ingurugiroa@getxo.eus), atal horri buruzko iradokizunak adierazi ahal izateko.