Getxo Rugby, mugaren gainetik

Iñigo Fernandez de Martikorena 2016ko mai. 12a, 13:25

Getxo Rugby Taldearen artxiboko irudia. © GETXO RUGBY TALDEA

Mugaz gaindiko torneoa antolatu dute Euskadiko Errugbi Federakundeak eta Euskal Kosta eta Landetako Errugbi Komiteak. Getxo Rugby Taldea lehiaketan parte hartzen dabil, Durangoko taldeko hainbat kirolarigaz batera.

Zapatuan abiatu zen Hego eta Ipar Euskal Herriko errugbi-kluben arteko sariketa. Getxo Rugby Taldea da klub horietako bat, nahiz eta talde gaztea indartzeko, elastiko hori-beltza jantzi dutenetako batzuk Durangoko errugbi-taldekoak izan. EAEko eta Ipar Euskal Herriko eta Landetako federazioek antolatutako lehiaketan, Getxoz gainera honako taldeek ere parte hartzen dute: Gernikak, Hernanik, Ordizia, Senperek, Bardozek, Baionako Kirol Elkarteak, eta Lapurdiko Bokale eta Landetako Tarnos herriak batzen dituen BTS taldeak.

Lehiaketak hiru jardunaldi izango ditu. Lehenengoa pasa den zapatuan izan zen; bigarrena datorren zapatuan jokatuko da, eta azken eguna, ostera, maiatzaren 21ean izango da. Lehenengo bietan, partidak binaka jokatzen dabiltza, bakoitzari dagokion errugbi-zelaian. Finalaren egunean, aldiz, zortzi taldeak batera zelairatuko dira, eta hirugarren denbora ere elkarregaz pasatzeko aukera izango dute. Oraingoz baieztatzeke dago final hori zein herritan egingo duten. Era berean, martxoan iragarri zuten Euskal Herriko Ipar eta Hegoko 18 urte azpiko emakumezkoen konbinatuen arteko partidaren nondik norakoak ere zehazteko daude.

Lehenengo jardunaldian, Getxo eta Durangoren arteko taldeak bisita egin zion Senpereri, Herri Urratsen bezperan. Lapurtarrak 27-12 nagusitu zitzaizkien bizkaitarrei. Ana Masa Getxo Rugby Taldeko prentsa-arduradun itzubaltzetarrak azaldu duenez, atzerritik etorritako jokalariak ez dabiltza lehiaketa honetan; horregatik taldea sendotzeko beharra izan dute, eta Durangoko klubaren laguntza izan dute. Halere, onartu duenez, Senpereren aurkako partidan jokalari getxoztarrak "ez ziren oso pozik geratu". Markagailuaz aparte, horren azalpena da taldea "nahiko presaka" osatu behar izan dutela: "aste berean pare bat aldiz entrenatzeko aukera baino ez dute izan", gogora ekarri duenez. Bat dator beragaz Aratz Gallastegi entrenatzaile berangoztarra. Gallastegik Durangoko taldeko gazteak entrenatzen ditu, eta klub horretako kirol-koordinatzailea da. Gogora ekarri duenez, "guk izena eman genuen txapelketan parte hartzeko, baina Hego Euskal Herritik lau talderentzako lekua baino ez zegoen. Lehentasunagatik, Ohorezko A Mailakoei zegokien lekua, eta izena eman zuten laurek: Ordiziak, Getxok, Gernikak eta Hernanik. Orduan, gu kanpoan gelditu ginen, leku barik. Pasa den astean Getxotik deitu ziguten jokalari-kopuru aldetik larri zebiltzala-eta, ea guk lagunduko geniekeen. Gu, pozik; baietz! Guretzat garrantzitsua delako klub moduan txapelketa horretan parte hartzea. Hala, azken unean ibili ginen ea zein jokalarik ahal zuen, eta zeinek ez. Bi eguneko kontua izan da, azkenean, hori antolatzea. Lortu genuen taldetxo bat eratzea Getxokoakaz batera, Durangotik zortzi edo bederatzi joan baitziren Senpere aldera. Han batutako jokalari denak oso pozik ibili ziren", gaineratu du berangoztarrak. Eskertuta egin du berba Getxoren gainean: "guri aukera eman izana garrantzitsua da guretzat. Pena da azken momentuko kontua izan dela, eta jokalari askok jada euren planak eginda zituztela; halandabe, gustura hartu dugu".

Baionaren aurkako dema, Durangon

Ana Masa itzubaltzetarrak ere pozik hartu du Euskal Herri osoko kluben lehiaketa: "iniziatiba ona da, polita; ekimen ederra da klubak elkartzeko, adiskidetzeko". Balizko hurrengo edizio baterako, kontu batzuk hobe daitezkeela uste du. Lehiaketa, "agian, hurbilegi dago Ohorezko Ligatik. Hori amaitu, eta, hurrengo astean bat-batean, Ipar Euskal Herrian jokatu behar izan dugu. Hori gorputzak nabaritzen du. Gainera, hiru partidak elkarren segidan izatea ere hurbilegi-edo da". Txapelketa amaituta egingo du klubak horren inguruko hausnarketa. Bitartean, Baionako Kirol Elkartearen partida prestatzeari ekin diote. Getxoko emakumezkoen kapitainak azaldu duenez, klubeko jokalariak pozik daude berriro mugaz haragoko beste talde bategaz jokatzeko. Getxo Rugbyk lotura handia dauka Baionagaz, baina hiriko beste taldeagaz, Avironegaz. Getxoren eta Avironen errugbi-eskolak batu izan dira hainbatetan; azaroan eta otsailean elkartu ziren Baionakoakaz atzenengoz, lehenengo Faduran, eta gero, Baionan. Hori dela-eta, Masaren arabera, Baionako Kirol Elkartearen aurkako "partida polita izango da, giro aldetik. Ez dakit jokoaren mailari dagokionez zelan irtengo den, baina ziur nago giro ona izango dela". Durangon jokatuko dute dema, 16:00etan.

Txapelketa zelaian gozatzerik izango ez duena Jon Zabala da. Getxoztarrak Baionako Aviron taldeagaz sinatu berri du kontratua beste hiru urterako, eta leher eginda dago aurtengo denboraldia dela-eta: "nahikoa izan dut denboraldian. Gustatuko litzaidake lagunakaz jokatzea, baina gustura gelditu naiz. Harmailatik ikusiko dut". Zabalak gogoko du Euskadiko Errugbi Federakundeak eta Euskal Kosta eta Landetako Errugbi Komiteak martxan ipinitako sariketa. Bere ustez, "nahiko ondo dago Iparraldeko eta Hegoaldeko errugbi-taldeak batu eta elkarregaz jokatzea. Uste dut ondo datorkiola Euskal Herriko errugbiari, maila igotzeko eta ondo pasatzeko".

Bitartean, baionesak hartuko ditu Durangon Aratz Gallastegik. Azaldu duenez, "Getxori eskatu genion mesedez partida hori Durangon egitea. Lehenengo jardunaldirako Getxok jokalari gehienak ipini zituen, baina hurrengo bietarako gutxiago izango dira, eta, kontrakora, gu gehiago. Aurretik, eguenean, Durangotik Fadurara hurbilduko dira Getxokoakaz entrenamendu-saio bat egitera, apur bat elkar ezagutzen segitzeko. Arerioa, daborduko, aztertuta dauka Durangoko koordinatzaileak. ASB Baionako Kirol Elkarteak pasa den aste-akabuan etxean galdu zen Ordiziaren aurka, 26-40. Gallastegiren berbetan, «nahiko erraz irabazi zien Ordiziak, baina horrek ez du askorik esaten, ez dakigulako Ordiziak zelango taldea eroan zuen". Era berean, garrantzia eman dio zapatuan sortuko den giroari: "partida hori edukiko dugu, eta gero hirugarren denbora jatorra egin gura dugu. Gainera Europako errugbi-txapelketako finala izango da, eta telebistan ikusiko dugu Rugby tabernan; giro alaia izatea espero dugu".

Plan estrategikotik abiatuta

Iñaki Laskurain Euskadiko Errugbi Federakuntzako presidenteak pasa den otsailean azaldu zuenez, Euskal Herri osoko taldeen arteko lehiak sustatzea jaso zen iaz egindako plan estrategikoan, klubek hala eskatuta. Orduan adierazi zuenez "federazio biok Bidasoaren bi aldeen arteko jarduerak sustatzearen alde gaude erabat, maila orokorrean. Guretzat gakoa da, baina ondo aztertu behar ditugu eman beharreko pausoak. Partekatutako beharrak daude, baina ezberdinak dira errealitateak, inguru administratiboak eta politikoak, baita ikuspegiak, kulturak eta funtzionatzeko erak ere".

Laskurainek gogora ekarri zuenez, mugaz gaindiko lehiek etorkizuna izan dezaten «erabakigarria izango da kluben jarrera, eta berba egitetik behar egitera pasatzeko gai izango garen. Federazioak jada martxan jarri gara. Gainera, ez dugu ezer asmatu. Berrar dezakegu orain dela urteak egiten zena, Urrezko Usoa sariketaren bidez egiten zena, euskal federazioak eta Euskal Kosta eta Landetako Errugbi Komiteak garatzen zutena. Orduan, Komitearen presidentea Pierre Camou zen, Frantziako Federazioaren gaur egungo presidentea. Lehiaketa hartan parte hartu genuen Getxok, Hernanik eta Ordiziak, nik dakidala, eta Iparraldeko eta Landetako hainbat taldek». Gallastegik akorduan du sariketa hura: "urte batzuetan martxan izan zen. Hori jokatzen zen aurre-denboraldian, abuztu amaieran, irail hasieran, buelta horretan. Garai hartan, uste dut Avironek eta Miarritzek ere parte hartzen zutela. Buruz nabil, agian... orain dela 20 urte izan baitzen!".

Iazko plan estrategikoa idazten parte hartu zuen berangoztarrak, eta badaki orain arteko bidea ez dela erraza izan: "Ahalegin askoren ondoren, azkenean lortu dute bai Iparraldeko bai Hegoaldeko federazioek bat egitea horrelako kontu bat martxan jartzeko, behintzat lehenengo urte honetan. Ikusi beharko da hurrengo urteetan zer gertatzen den". Gallastegiren ustez, "estrategikoki guretzat hobe da hori; gurago dugu Ipar Euskal Herriko taldeakaz jokatu, eta elkartzea indartzen bada, datozen urteetan errepikatzeko aukera egongo litzateke: talde gehiago sartu eta liga moduko bat jokatu ahal izateko. Guk nahiago dugu Senperera eta horrelako tankerako bidaiak egitea, bai errugbi-maila aldetik bai bidaia beragatik, Galiziara, Burgosera edo Bartzelonara joatea baino. Gaur egun hori egiten gabiltza Ohorezko B Mailan. Alde guztietatik positiboagoa da Iparraldekoakaz jokatzea, bai errugbi aldetik, bai herri moduan ere, horrela ulertzen dugulako klubean".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun