Jose Miguel Galdos selekzioaren managerrak azaldu duenez, unibertsitateetako zirkuituaren txapelketek herrialdetako gazte selekzioei lehiatzeko aukera ematen diete. Hala, bere ustez, maila ona ziurtatuta dago Parisen. Galdosen aburuz, emakumezkoen selekzioari "dentsitate fisikoa falta zaio" baina Ana Masa eta Saioa Jaurena Getxo Rugbyko jokalariengan ipini du esperantza, "aurrelari onak" baitira. Era berean, atzean, "jende azkarra" dagoela iritzi dio. "Gure helburua zilarrezko finalean aritzea izango da", iragarri du.
Halere, euskal selekzioak arerio gogorrak aurkitu ditu bere multzoan: Pariseko unibertsitateko selekzioaren aurkako deman 20-7 galdu dute goizean euskal herritarrek. Eguerdian, hemengoek aukera gehiago sortu dute, baina akabuan Herbehereetako Windmills taldea nagusitu zaie 19-17 estu baten bidez. Hirugarren partidara arte itxaron behar izan dute euskal herritarrek garaipena lortzeko, Hego Afrikako Tuks Ladies 24-7 mendean hartuta. Bihar, ordea, multzoko azken norgehiagoka Portugalegaz jokatuko dute, 09:30ean.
Euskal selekzioak gizonezkoen konbinatua ere eroan du Parisera, baina bertan ez dago eskualdeko jokalaririk. Ostera, presentzia handia izan dute Ipar Euskal Herriko jokalariek. Galdosek aurreratutakoaren arabera, hainbat jokalarik ez dute parte-hartzerik izan behar-arazoengatik, baina, hala ere, "gure taldea nahiko indartsua izango da aurrean, hirugarren lerroko onegaz, eta atzean jende bizkorrarekin. Ez dugu arerioak asko ezagutzen, baina txapelketa hau oso fisikoa da, eta horregatik aurrelari asko daramatzagu".
Mutilak Malaysiaren Serdang Angels-en kontra estreinatu dira, 7-20 irabaziz. Ondoren, umiltasun ikasketa azkarra egin dute, Australiako Tribe 7's taldeagaz neurtzean, 48-7 galdu baitute euskal herritarrek. Azken partida Portugalgo unibertsitateetako selekzioagaz jokatu dute eta hori ere galdu dute, 24-17.
Emakumezkoen taldea
Ana Masa eta Saioa Jaurena (Getxo); Laura Lorenzo, Leire Muñoz eta Enara Cacho (Hernani); Joana Murray eta Uribarri Barrutieta (Durango); Irene Reyes eta Maitane Salinas (La Unica); eta Amaiur Mayo (Eibar).
Gizonezkoen taldea:
Beñat Iturralde, Ander Ayala, Iñaki Arnedo eta Aitor Gutierrez (Bera Bera); Eric Goñi eta Aitor Garmendia (Atletico); Bastian Fisher eta Tom Darlet (Baiona); Arnaud Claverie eta Jean Yves Orabe (Maule), Louis Teixer (Miarritze), Nicolas Acebes (Bokale); eta Mikel Blanco (Durango).