Udabarriko faseko bertso-hitzorduak: atzenurrena, Arrigorriagan; atzena, Getxon

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 13a, 17:10

© Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Josu Landetak irabazi zuen Gueñesko saioa; Arondo laugarren lotu zen; Orozkokoan ez ziren lar fin ibili Larrazabal eta Igeregi. Zapatu honetan lehiatuko dira Arrigorriagan Galder Bilbao Martinez "Txapi" eta Unai Mendiburu Valor.

Pasa den aste-akabuan, Gueñesen jokatutako BBT Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko Fasearen kanporaketa irabazi zuen Josu Landeta Egurrola getxoztarrak, 168 puntugaz; eta laugarren postua (150,5 puntu) lortu zuen Peio Arondo Barandiaran algortarrak. Orozkon egin zen osteko kanporaketa; horretan, Ekaitz Larrazabal Gutierrez Katxo algortarra (145.50 puntu) eta Joanes Igeregi Santamaria sopeloztarra (131.00 puntu) atzenurren eta atzeneko postuetan lotu ziren, hurrenez hurren. Lehenengoa izan zen Garikoitz Sarriugarte Onaindia zaldibartarra.

Bihar, hilak 14, Arrigorriagan egingo da azken-aurreko kanporaketa. Han lehiatuko dira Galder Bilbao Martinez Txapi leioaztarra eta Unai Mendiburu Valor algortar gaztea, besteak beste. Lonbo aretoan izango da zita, 17:30ean.

Bestalde, Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala nork jokatuko duten ere erabaki zen iragan barikuan, Elorrion. Hala, finalean, ALBE Algortako Bertsolari Eskolak ordezkari bi izango ditu: Aritz Landeta Terceño (Deustuko saioaren irabazlea) eta Unai Mendiburu Valor (Bermeoko saioaren irabazlea). Gero, herrialde bakoitzeko bertsolari bi (txapelduna eta txapeldunordea) Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan lehiatuko dira, ekainaren 4an, Ereñotzun (Hernaniko auzo-udalean); bertan izango da norgehiagoka, Txirrita hil zeneko 80. urteurrenagaz lotuta.

Hurrengo aste-akabuan, hitzordu bikoitza, Getxon

Norgehiagoka garrantzitsu eta eder bigaz gozatzeko aukera egongo da Getxoko Fadura kiroldegian astebete barru. Izan ere, BBTren Udabarriko Fasearen azkenengo saioa eta Bizkaiko Eskolartekoaren finala, biak ala biak, egun eta herri berean izango dira: Getxon, maiatzaren 22an. Aukera aprobetxatuz, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak egun osoko jaia prestatu du egun horretarako; Bizkaiko bertso-eskolen Eguna ere orduan egingo dute. Goizean hasita, 10:00etan bertso idatzien finala hasiko da. 11:30ean bat-bateko Bizkaiko Eskolartekoaren finala jokatuko dute zortzi bertsolarik, artean, aipatu legez, Aritz Landetak eta Unai Mendiburuk. Txapelketa horretako txapelduna eta txapeldunordea, beraz, Bizkaiko ordezkariak izango dira Euskal Herriko Eskolartekoan. Eta txapel horiek nortzuek jantziko dituzten 13:30ean jakingo da, orduantxe izango da-eta sari-banaketa. Ondoren, bazkaria; horretarako txartelak eta aurtengo goiburua daroaten Oinak Buruan kamisetak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian (azken eguna maiatzaren 12a izango da). Bazkalostean, bertso-eskolen tartetxoa izango da. Arrastiko 05:30ean jokatuko da BBTren Udabarri Faseko atzenengo kanporaketa, horretan aurrez aurre izango ditu Inazio Vidal Gurrutxaga leioaztarrak, Aitor Ruiz Urizar, Igor Menika Bengoetxea, Joseba Barandiaran Andueza, Julen Erezuma Arzanegi eta Malen Amenabar Larrañaga. Egunean bertan erosi ahal izango dira sarrerak 3 euroan; bazkideek 2 euroan izango dituzte, eta 16 urte artekoek, doan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun