Abiadura-patinajeko lasterketa egingo dute domekan Algortan

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 25a, 10:00

Lehenengo edizioaren irudi bat. © GETXOKO UDALA

Datorren domekan, maiatzaren 29an, Getxo Skating Race lasterketaren hirugarren edizioa egingo da Algortako Kirol Portuan eta Ereagako pasealekuan. Gurpil-lerroko irristaketa lehiaketan hiru proba izango dira: bat, herrikoia, 9 kilometrokoa, 10:00etan; bestea, 21 kilometroko lasterketa federatua, 10:45ean; eta, azkena, 2,8 kilometrokoa, haurrentzat, 11:45ean.

Zirkuitua hiru kilometrokoa da, irteera eta helmuga Kirol Portuko zinemen aurrean kokatuta egongo da, eta Ereagako errepidetik barrena zabalduko da igogailuaren pareraino. Lasterketaren ondorioz, 12:00ak arte bidea itxita egongo da zirkulazioarentzat, hondartzako eta Kirol Portuko sarbideetan.

9 kilometroko lasterketa herrikoia lehiatzeko baino parte hartzeko izango da gehiago; beraz, irristaketarako zaletasuna duten guztiek parte har dezakete. Gainera, sariak banatuko dira kategoria guztietan eta opariak zozkatuko dira parte-hartzaileen artean.

Izena eman daiteke Herrikrosa.eus web orrialdearen bitartez edo probaren egun berean ere bai. Argibide gehiago gura izanez gero, Basroller kirol-taldearen web orrira jo daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun