Begoñako galeriak ezagutzeko bisiten kopurua areagotuko dute udaldian

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 25a, 13:23

Begoñako galeriak ezagutzeko bisita gidatuak egin daitezke.

Udaldian Begoñako galeriak ezagutzeko bisita gidatuen kopurua handitzea erabaki dute Getxoko Udalak eta EHUk. Horrez gainera, taldeko pertsona kopurua ere handituko da; hala, ekainaren 1etik aurrera taldeak 25 kidekoak izango dira (orain arte 20koak ziren). Azaldu dutenez, erabaki hori hartu dute jendearen eskaria oso handia delako.

Horrela, bada, udaldian hiru bisita gehiago eskainiko dira aste-akabuetan, uztailean, abuztuan eta irailean, uztailaren 1etik bertatik aurrera.

Taldeko pertsona kopurua handitzeagaz batera, %70 ugarituko dira udarako eskainitako plazak: orain, astean 160 eskaintzen dira, eta udan, berriz, 275 eskainiko dira. Bestalde, ikasleakaz ibilaldia eta edukiak probatu eta pedagogoek oniritzia eman ondoren, bisitak egiteko gutxieneko adina ere murriztu egin da 10 urtera (lehen, 12 urte eduki behar ziren gutxienez).

Bisiten edukia

Aurtengo bisita gidatuetan, proiektuan diharduten EHUko ikertaldeek galeriei balioa emateko 2015ean egin dituzten aurrerapausoak erakutsiko dira. Aurtengo edukien bidez, galeriak eraikitzeko erabili ziren materialen identifikazioa landuko da, eta erakutsiko da garrantzitsua dela materialok ezagutzea, etorkizunean galeriak zaharberritu behar direnerako; horrez gainera, aztergai izango dira eraikinaren egonkortasuna eta kalteak, batetik, eta eraikina birgaitzeko hartuko diren neurriak, bestetik. Gainera, bisitaldian espazio berri bat ezagutu ahal izango da: labarraren eremua.

Iaz bezala, bisitetan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da Udalaren webgunearen bidez (www.getxo.eus) edo Turismo Bulegoaren telefono zenbakira deituta (944 910 800). Bisitak doakoak dira eta martitzenetik domekara bitartean egin ahalko dira, euskaraz edo gaztelaniaz, eta hainbat ordutegitan.

Hil bakoitzerako aurreikusita dauden taldeak osatuz doazen heinean, talde gehiago gehituko dira hurrengo hilabeteetarako, urrira arte.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun