Algortako San Nikolas plazan, lehengo kioskoa gura dute

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 26a, 16:36
San Nikolas plaza, gaur egun.

Sei urte igaro dira, Getxoko Udalak Algortako San Nikolas plaza desegin eta Getxo Antzoki berria eraikitzeko lanak abiatu zituenetik. 2014an zabaldu zuten plaza berria, eta ordutik gaur egunera arte, apurka-apurka, ingurua osatzen ibili da Udala. Hala, lehengoaren eta oraingoaren artean badira hamaika itxura-aldaketa.

San Nikolas plazaren erabateko transformazio horrek ezinegona sorrarazi du udalerriko hainbat bizilagunen artean, aurreko plaza gurago zutenen artean, hain zuzen ere. Berbarako, hilaren hasieran, San Nikolas plazaren ondoko Basagoiti etorbideko Ondarreta litxarreria-dendak sinadura-batze bat abiatu du, lehengo plaza berreskuratzea ezinezkoa dela jakinda ere, behintzat lehengo kioskoa berreskuratzeko. Horrez gainera, ekimen horregaz, inguruaren antolaketa auzotar guztien gustukoa ez dela salatu gura dute. Hala, daborduko 1.500 sinadura baino gehiago batu dituzte.

Kartela ere ipini dute Ondarreta litxarreria- dendaren erakusleihoan, eta honela dio: "Anima zaitez sinatzera, eta, bide batez, alkateari eskatzera kioskoa jartzea". Erronka 8.000 sinadura batzea da, gaia Udalbatzara eroan eta bertan eztabaidatu ahal izateko.

Sinadura-bilketaren deitzaileek proposatu dutenez, kioskoa frontoiaren parean jar daiteke, 50eko hamarkadan zegoen bezala. Izan ere, hiru hamarkada beranduago, plazaren zaharberritzeagaz batera, kioskoa enparantzaren erdigunean ezarri zuten, 2010era arte egon zen lekuan, hain zuzen ere.
Kioskoaren gabeziaz gainera, auzokide askoren artean, kritika eragin dute plaza berriaren beste hainbat elementuk, berbarako: hormigoizko eskailerek, bankuek, hesi berriak eta plazaren bazter batean ipini duten erabilera askotariko dorreak.

San Nikolas plaza, 1950eko hamarkadan. © GETXOKO LIBURUTEGIA

San Nikolas plaza, 1990eko hamarkadan. © GETXOKO LIBURUTEGIA

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun