Isaac Aketxeri itxaroteaz aspertu da Culturala

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 30a, 12:45

Isaac Aketxe. © IRENE RODRIGUEZ - CULTURAL LEONESA

Leongo Cultural futbol-klubeko kudeatzaileak, Felipe Llamazaresek, jakinarazi du Isaac Aketxeren kontratua berritzea baztertu duela. Llamazaresen arabera, Bigarren B Mailako klubak hiru denboraldiko kontratua eskaini zion aurrelari itzubaltzetarrari urtarrilean, baina Aketxek ez die erantzun.

Denboraldia bukatu aurretik beste proposamen bat egin ziotela azaldu du leondarrak. Bigarren eskaintza horrek "iraungipen-data" ei zeukan: "epea amaitu zen, beste aste bat eman genion eta erantzunik jaso ez genuenez eskaintza bertan behera utzi genuen. Klub bikaina gara, merkatura goaz gure proposamenakaz, baina ez dugu gura hori erabil dezan".

Llamazaresek argitu duenez "klubagaz inplikatzen diren jokalariak" gura dituzte: "hemen egon nahi duenak ateak irekita dauzka, baina baldintzak guk ipintzen ditugu. Ez badu jarraitu gura errespetatzen dugu, beste baten bila goaz. Nahiago nuke Aketxeri ondo joatea, mutil zintzoa da".

Hainbat iturriren arabera, Aketxe Bigarren B Mailako klub andaluziar batek egindako eskaintza baloratzen dabil egunotan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun