Agerraldiaren lekua ez zuten ausaz aukeratu. Izan ere, udaletxea izan zenaren agerlekua baliatu zuten akordura ekartzeko, behinola, Jose Antonio Agirre Getxoko alkate zela, Getxoko Udalak euskal errepublika aldarrikatzeko adierazitako arrazoia: "herriek, libre determinazioaren bidez, beren burua gobernatzeko duten ezin kenduzko eskubide naturala" dutela. Getxoko GEDk azaldu duenez, 85 urteren ostean, "zenbait alderdiren izenean zinegotzi izan diren eta gaur egun diren gizon eta emakumeok berretsi dute herriek, gizarte politikoki antolatuek, modu libre, baketsu eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea dutela, erabaki librea da-eta herri solidarioago eta itxaropentsuago bat lortzeko bidea".
Joan den maiatzaren 21ean San Nikolas plazara bertaratutakoen izenean, hitza hartu zuten helduenak eta gazteenak, Francisco Urretxua alkate ohiak eta Maite Arraiza jarduneko zinegotziak: "1979tik hona Getxoko zinegotzi eta alkate izan garenok eta egun ere garenok berretsi eta aldarrikatu gura dugu herriek, gizarte politikoki antolatuek, modu libre, baketsu eta demokratikoan, erabakitzeko eskubidea dutela". Horregatik, "demokrazian" sinetsi egiten dutela aldarrikatuta, eta "herri bat garela, herritarren garaia dela, eta erabakitzeko eskubidea dugula partekatzen dugulako", ekainaren 5ean Biotz Alai plazan aulkia hartuko dutela iragarri zuten. Halaber, getxoztar oro gonbidatu zituzten aulkia hartzera (txartelak salgai daude), hitza hartzera eta erabakitzeko eskubidea herritarren esku dagoela indarrez adieraztera.
Erabakiaren plaza, domekan
Ekainaren 5eko ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, Algortako Biotz Alai plazan. Bertan, erabakitzeko eskubidearen gainean ezberdinen arteko adostasunetik "jaiotako" adierazpena aurkeztuko dute. Horrez gainera, eguerditik aurrera, Otxandategi taldeko joaldunak, Samba Skull batukada, Laura Mintegiren narrazioa, Jone Uriaren bertsoak, Sangre Boliviana eta Elai Alai taldeen dantza ikuskizunak, eta musika-emanaldiak egongo dira, besteak beste.