Gazte bat atxilotu dute Algortan beste biri laban bategaz eraso egitea egotzita

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 8a, 11:03

Ertzaintzak 21 urteko gazte bat atxilotu zuen domekan, hilaren 5ean, Algortan, aurreko egunean beste bi gazteri labanaz eraso egin izana leporatuta. Zauritutakoak Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zituzten, erasoaren ondorioz jasotako zauriak artatzeko.

Oldarketa zapatuan, hilaren 4an, jazo zen, goizeko 09:30ak aldera, Algortako Ollarreta tabernaren ondoan. Biktimek egindako salaketen arabera, taberna horren barruan lau lagun zeudenean, horietako baten ezaguna den gizonezko bat hurbildu zitzaien. Jarraian, iturrien arabera, horrek irainka hasi zitzaien, eta kalera irten ziren.

Tabernaren kanpoaldean, borroka bat hasi zen. Atxilotutakoak botila bategaz ahoan kolpatu zion horietako bati, beti ere salaketei kasu egitekotan. Horrez gainera, erasotzaileak hainbat ebakidura egin omen zizkion sabelean eta besoan laban bategaz. Horren aurrean, lagunetako bat borrokan sartu eta hura ere zaurituta bukatu zen; aurpegian ebakidura egin zion, laban berdinagaz, biktimen kontakizunen arabera. Erasotzaileak korrikan ihes egitea lortu zuela diote.

Borrokaren ostean, Udaltzaingoa bertaratu eta bi zaurituak ikusitakoan, Gurutzetako ospitalera bideratu zituen.

Domeka arrastian, Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen. Iturrien arabera, gazte hori beste bi aldiz atxilotu dute aurretik. Polizia-eginbideak bete ostean, atxilotutako gaztea epailearen aurretik igaro zen astelehenean bertan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun